Fiskala azken ondorioen berri ematen ari da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioa erretiratu ez dien seiak zergatik zigortu beharko liratekeen argudiatzen ari da. Defentsek kontrako argumentuak emango dituzte gero, astelehenean egingo den ahozko saioan. Epaituek azken hitza esateko aukera izango dute horren ostean, eta orduan amaituko da epaiketa. Angela Murillo buru duen epaimahaiak erabakia hartu beharko du gero, epe jakinik gabe.
2009an atxilotu zituzten hamar horietako zortzi, eta zazpik inkomunikazio garaian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Beste bi lagun deklaratzera joan ziren geroago.
Baltasar Garzon epailearen aginduz egin zuen operazio hura Espainiako Poliziak. Garzonek berak abiatutako ildoari jarraitzen zion. Epaile hark abiatu zuen 2001. urtean Jarrai-Haika-Segi auzia. 2007an Auzitegi Gorenak hiru gazte erakunde horiek legez kanpokotzat jo zituenetik, hainbat polizia operazio egin dira Euskal Herrian. Horietako bat da Hernanin egin zutena. Segiko kide izan eta “talde terroristako kide” izatea egotzita epaitu dituzte.
Epaituak, eta hasierako zigor eskaerak:
Egoitz Balerdi, 9 urteko espetxe zigor eskaera
Mikel Garcia Otamendi, 9 urteko espetxe zigor eskaera
Txaber Zabaleta, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Axier Olano, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Ekhi Oñarte, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Jon Ezeiza, 7urteko espetxe zigor eskaera
Antton Zabala, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Ekaitz Telleria, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Iñigo Alzelai, 7 urteko espetxe zigor eskaera
Aitzol Arrieta, 7 urteko espetxe zigor eskaera