Udalbiltza

Hernaniko Udalak Udalbiltzari ematen dion diru laguntza legezkotzat jo dute auzitegiek

Urkijok aurkeztutako helegitea atzera bota du, beste behin, EAEko Auzitegi Nagusiak. Hernanik 15.000 euroko ekarpena egiten dio Udalbiltzari.

Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea eta Udalbiltzako presidentea. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 22a
12:44
Entzun

Legezkoa da Hernaniko Udalak Udalbiltzari egiten dion ekarpen ekonomikoa. Hala berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak, gaur kaleratutako ebazpen batean. Era horretan, eta aurretik beste hamabi udalen aurkako helegiteekin egin bezala, orain ere atzera bota dute auzitegiek Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok jarritako helegitea.

Hernanik 15.000 euroko ekarpena egiten du Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrerako, bertako kide den heinean.

Aurreko auzietan egin moduan, Hernaniren kasuan ere, epaileek ebatzi dute Udalbiltza partzuergoa erakunde publikoa dela, eta «zuzen eratuta» dagoela, toki araubidearen oinarriak arautzen duen legeak bere 87. artikuluan jasotzen duenari jarraikiz. Halaber, nabarmendu dute Udalbiltza partzuergoaren helburuen «legezkotasuna erabatekoa» dela, eta udalek Udalbiltzako kide egiteko edota harekin elkarlanean aritzeko eskumena dutela.

Urkijok hiru motatako administrazio jarduerak jarri zituen auzitan errekurtsoetan: partzuergoko kideen kuotaren ordainketa, partzuergoaren eta hainbat udalen arteko lankidetza, eta udal aurrekontuari berari buruzkoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.