Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Hernanin

Hernanin bikotekide ohia hil eta alaba zauritu zuen gizona espetxeratu dute

Rosario Romanen ahizpak argi hitz egin du: «Gertatu egin da azkenean: biktima izango zela esaten nuen»; ez zuen babes neurririk Ehunka lagunek protesta egin dute herrian, eta emakumearen hilketa salatu du udalak

Protesta, atzo, Batzar Nagusietan. HERRERO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea - Maialen Goñi
Hernani
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kartzelan da atzoz geroztik Rosario Roman hernaniarraren bikotekide ohia. Kale erdian andrea hiltzea eta alaba zauritzea egotzi dizkio epaileak, eta espetxeratzeko agindu du. Auzian eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela iragarri du Hernaniko Udalak. Ehunka lagunek protesta egin zuten atzo herrian. Genero indarkeriagatik Euskal Herrian aurten hil duten hirugarren andrea da Rosario Roman. 55 urte zituen, eta hiru seme-alaba. Salatua zuen bikotekide ohia, baina ez zioten batere babes neurririk jarri.

Gizona atzo eraman zuten epailearenera, Donostiara, Ertzaintzaren esku egunbete egin eta gero. Igande eguerdian atxilotu zuten udaltzainek, bikotekide ohia hil eta ezkutuan zela. Goizaldean, 05:30ean, gertatu zen, Hernani erdi-erdian: labanaz eraso zien gizonak Romani eta alabari. Han hil zen ama; zaurituta dago alaba.

Bikotekide ohiaren susmoa lehen unetik hartu zuen Ertzaintzak. Behin baino gehiagotan jo baitzuen Romanek polizia etxera, ustezko hiltzailea salatzera. Hirutan gutxienez bai: 2007an salatu zuen gizona, eta txostena zabaldu zuen Ertzaintzak; 2009an berriro egin zion ustez eraso gizonak, eta txostenean ageri da hori. Hala ere, artxibatu egin zuten kasua; Poliziaren esanetan, ez zelako «gorabehera gehiago» gertatu. Azkenekoz, maiatzaren 1ean joan zen andrea Poliziarengana: gizonak iraindu egin zuela salatu zuen. Txostena ireki zuten berriz. Ordea, salaketa kendu zuen hurrengo egunean. Babes neurririk gabe jarraitu zuen emakumeak.

Salatutako gizona auzitegian zen aldi berean, Romanek jasan duenaren testigantza gordina eman zuen haren ahizpa Paqui Romanek: «Ez zen erasoa jasaten zuen lehen aldia. Salaketa asko jarri zituen, baina beldurragatik kendu egiten zituen azkenean».

Mehatxu egiten zion gizonak, ahizparen esanetan: «Seme-alabak eta bera hil egingo zituela esaten zion, eta kentzeko salaketak. Eta azkenean hil egin du». Zendutako emakumeak ez zuen babes neurririk, eta hori pairatzen ari zela adierazi du senideak: «Alde guztietan jazartzen zion. Nire ahizpa non, hamar metroan han izango zen gizona. Eta azkenean esperotakoa gertatu da. Beti esaten nuen ahizpa genero biktima bat izango zela, ez baitzen lehen aldia gizonak eraso egiten ziona». Ingurukoek bazekiten, gainera: «Lankideek ere askotan ikusi zuten aurpegia moretuta. Hark, ordea, erori egin zela esaten zien».

Protesta hilketa lekuan

Familiak nabarmendu du dobleko erasoa egin zuela kartzelatutako gizonak. «Ahizpa hil du, eta han zegoen gizon batek lagundu ziolako ez du hil alaba». Erietxean zaurituta dago zendutako andrearen alaba, 30 urtekoa; labankadak dauzka gorputzean. Haren izebak jakinarazi du birika zulatuta daukala baina hobera ari dela egiten; hiltzeko arriskutik kanpo dago. Manuel Roman osabak adierazi du gela arruntean dagoela eta badakiela amaren hilketaren berri. Inguruan zegoen beste gizon bat ere zauritu zuen erasotzaileak, andreak babestera joan zenean.

Taxi geltokiaren ondoan gertatu zen hilketa, eta inguru hartara joan ziren atzo dozenaka eta dozenaka hernaniar, herriko udalak deituta. Ezohiko udalbatza egin zuten atzo arratsaldean Hernanin, herritarraren hilketa dela eta. Batzar aretoa mukuru beteta zela, aho batez onartu zuten adierazpen bat udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek —Bildu, EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat—. Agirian, Rosario Romanen hilketa salatu du herriko etxeak, nahia azaldu du zauritutako alaba ahal den azkarren senda dadin eta elkartasuna azaldu dio familiari.

Baliabideak hitzeman ditu Hernaniko Udalak, eta horiek Romanen senideen esku jarriko dituela azaldu du. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin beharra nabarmendu dute udal taldeek: «Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean zimendatutako herria eraiki nahi dugu». Osoko bilkura ezohikoan hitza hartu zuen hildakoaren anaia Manuelek; eskerrak eman zizkien herritarrei, jasotako babesagatik. Ikurrina masta erdian eta zapi beltz batekin zela, udalbatzaren ostean hileta egin zuten, herriko elizan. Jendetza handia batu zen han ere.

Elizkizunen ondoren, manifestazioa egin zuten Hernaniko kaleetan. Herriko plazatik Roman hil zuten lekura joan ziren. Hainbatordezkarik hartu zuten parte protestan. Han ziren, besteak beste, Gipuzkoako Diputazioko kide Ander Rodriguez eta Garbiñe Errekondo, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohizune Txarolak, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko Jaurlaritzako ordezkari Mariola Serrano eta EAEko fiskalburu Juan Kalparsoro. Bilduko, PSE-EEko, Ezker Batuko eta Aralarreko ordezkariak ere izan ziren elkarretaratzean.

Ordu laurdeneko isilaldia egin zuten herriko plazan. Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko bi pankarta azaldu zituzten, eta hainbat herritarrek aldarri bera ageri zuten afixak hartu zituzten eskuan. Roman hil zuten lekura joan ziren gero, eta ekitaldi bat egin zuten han. Eserleku bat zapi morez estalita zuten, gainean lore sorta batekin. Berdintasun kontseiluko kideek hartu zuten hitza, eta gogoeta egitera bultzatu zituzten ordezkari politikoak eta herritarrak. «Neurri politikoak eta juridikoak behar dira horrelako kasuei aurre egiteko», esan zuten.

Manifestazioa hastear zutela zabaldu zuen berria Ertzaintzak: gizona Martuteneko espetxean sartzeko agindu du epaileak. Poliziaren esku egunbete besterik ez du pasa atxilotutako gizonak. Epailearenera eramaterako bazituzten frogak haren aurka: hainbat lekukok ikusi zuten erasoa, ertzain batek konbentzituta utzi zuen gizonak Poliziaren esku bere burua, aurrekariak bazituen genero indarkeriagatik, eta ustez erabilitako labana aurkitu zuten inguruan. Hala ere, luze jo zuen deklarazioak. Gizonak zortzi ordu egin zituen epailaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.