Hernanin gizon bat hil zuenari, 15 urteko zigorra

Donostiako Auzitegiak agindu du hiltzaileak 100.000 euro ordaindu beharko dizkiela biktimaren senideei

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Eduardo Benitez hil zuen gizonari hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio Donostiako Auzitegiak. Hiltzaileak bi tiro bota zizkion 30 urteko Benitezi 2009ko maiatzaren 16ko goizaldean, Hernanin (Gipuzkoa). Zinpeko epaimahaia bat dator fiskalaren tesiarekin; gertaera hilketa bat izan zela ebatzi du, eta ez homizidioa. Hildakoak ez zuela bere burua defenditzeko modurik izan, epaimahaiaren arabera.

Fiskalak epaiketan esan zuen argi zegoela Hernanin zer gertatu zen: akusatua eskopeta eta kartutxoak hartuta atera zen etxetik, egun batzuk lehenagora arte bikotekide izan zuen emakumearen bila. Andrea Benitezekin zegoen Hernaniko taxi geltokian. Hiltzaileak, bertara joan, eta bikotekide ohiari etxera joateko agindu zion; ezetz erantzun zion hark. Akusatuak, autora itzuli, eskopeta hartu, eta bi tiro eman zizkion Benitezi.

Epaimahaiaren arabera, Benitezi tiro egin ondoren hiltzaileak hartu zuen jarrera «hotzak» erakusten du hilketa «nahita» egin zuela. Horregatik, hamabost urteko zigorra ezarri dio epaileak hiltzaileari, eta 100.000 euro ordaindu beharko dizkie hildakoaren senideei.

Bestalde, Donostiako Auzitegiak 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 54 urteko gizonezko bati. 22 urtez bikotekideari tratu txarrak ematea leporatzen diote auzipetuari. Aringarri bat ezarrita, kartzela zigorra 11 hilabetera murriztu diote; epaiaren arabera, gizonezkoak buru nahasmendua du; zortzi urte zeramatzan tratamendu psikologikoa jasotzen.

Lau atxilotu Bizkaian

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak lau gizonezko atxilotu zituen atzo genero indarkeria leporatuta, Bizkaian. Bi Bilbon atzeman dituzte; bat, Barakaldon; eta laugarrena, Basaurin. Atxilo harturiko biri bikotekide ohiari eraso egitea egozten diete; beste bati, bikotekide ohiarengandik urruntze agindua haustea; eta laugarrenari, bikotekidea jotzea.

Bilbon, astearte gauerdian atzeman zuten 41 urteko gizonezko bat. Herrizaingo Sailaren arabera, emakume batek eman zuen abisua; urruntze agindua zuen bikotekide ohiak, eta bere etxeko ateari kolpeka ari zen. Ertzaintzak atzeman zuen gizonezkoa, eta urruntze agindua haustea leporatu diote. Bilbon 43 urteko gizonezko bat ere atxilotu zuten astearte gauean. Bizilagun batek Poliziari deitu zion etxebizitza batean oihuak entzuten zirela eta. Ertzaintzak gizonezkoa atzeman zuen bikotekide ohiari eraso egin ziolakoan. Emakumeak zigarro batek eragindako erredurak zituen esku batean.

Barakaldon atxilotu zuten 28 urteko gazteari ere bikotekide ohiari eraso egitea egozten diote. Gizonezkoa neska-lagun ohiaren lantokira joan zen astearte eguerdian; emakumeari mehatxuakegitea, irain egitea eta lepoa estutzea egotzi diote. Eta Basaurin egin zuen Ertzaintzak laugarren atxiloketa; bikotekidea jotzea egotzita, 53 urteko gizonezko bat atzeman zuen herenegun. Emakumea osasun zentro batera eraman zuten, arta zezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.