politika

"Herri akordioak egiteko" lau lantalde sortzea erabaki dute EAJk eta PSE-EEk

Zerga sistema lantzeko, iruzurrari aurre egiteko, ekonomia berregituratzeko eta enplegua sortzeko izango dira taldeok; akordioak aztertu eta uda aurretik ados jartzeko "borondatea" agertu dute bi alderdiek. Bideoa: bilera hasi aurreko irudiak (PSE-EE).

2013ko ekainaren 3a
17:49
Entzun

Joseba Egibarrek jeltzaleen izenean eta Idoia Mendiak sozialistenean, “borondatea” azaldu dute akordioak egiten saiatzeko arlo handitan: zerga sistema, iruzurra, ekonomia eta enplegua. Lau gai handi horiek ardatz izango dituzten bitariko taldeak sortu eta bideak aztertuko dituzte akordioak egin ahal izateko. Udako oporrak hartu baino lehen ados jarriko direla uste dute, akordio garrantzitsuak eginez, ez azalekoak. Hasi besterik ez direla egin jakinarazi dute, eta hemendik aurrera egingo duten lana "diskretua" izango dela. Egibarrek sozialisten "borondatea" goraipatu du, eta Mendiak ohartarazi du ez daudela Jaurlaritza "salbatzeko". 

EAJk, hala ere, ez du baztertzen beste alderdiekin akordiorik. "Beste bide batzuk aztertzen" saiatuko dira, "gerturatzen". Hain zuzen, gogoratu du EAEko hiru diputazioetatik bitan hirugarren baten beharra dagoela erreforma fiskala gauzatzeko —Gipuzkoan EH BIldu, eta Araban PP—. 

"Negoziazio orokorra eta politika maila gorenean" egiten hasi dira gaur EAJ eta PSE-EE, "herritarrek egun behar dituzten herri akordio handiak" negoziatzen, bi alderdiek jakinarazitakoaren arabera. Gaurko bileraren garrantzia alderdien ordezkaritzak islatu du. Han izan dira EAJren aldetik EBBko garrantzitsuak: Joseba Aurrekoetxea, Joseba Egibar, Pilar Garcia Salazar eta Koldo Mediavilla. PSE-EE, berriz, hauek ordezkatuko dute: Rodolfo Ares, Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor, Txarli Prieto eta Iñaki Arriolak. 

Mendiak bileraren ondoren emandako mezua atzo Patxi Lopezek emandakoaren ildotik joan da. "Ez da erraza izango", ohartarazi zien atzi sozialisten idazkari nagusiak jeltzaleei. Ez da koalizio gobernua osatzeko akordiorik egongo, ezta legegintzaldi osokorik ere, eta, gainera, sozialistak ez dira jeltzaleen kudeaketaren "salbatzaile" izango. "Arduragatik" egingo dituzte akordioak, ordea.

EAJk "akordiorako, elkarrizketarako eta negoziaziorako espazio berria" zabaltzea espero du, eta "Ajuria Enea bat", eta horretan "behar deneraino" joango da, ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko planak eta neurriak bilatzeko, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak zehaztu duenez. Jeltzaleek izango duten "borondate eta prestutasuna" eskatu die sozialistei. Eurek "orri zuri bat" zabaldu dute. Sozialistekin ez ezik, gainerako alderdiekin ere hitz egiten jarraitzeko asmoa du, baina Egibarrek aurreratutakoaren arabera, sozialistak daude une honetan eurengandik gertuen, ezer aurrera eramateko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.