Komunikabideak

Herri aldizkariek izango dute Jaurlaritzaren diru laguntzetan igoerarik nabarmenena

342.000 euroko hazkundea izango dute tokiko aldizkariek aurten. Erdarazko egunkarien euskarazko gehigarriek 568.600 euro jasoko dituzte. Egunkari denak kontuan hartutako igoera, 155.280koa da.

2007ko martxoaren 5a
18:37
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak aurten euskarazko hedabideentzako 5.575.000 euro bideratuko ditu (iaz baino %17,4 gehiago. Iazko kopurua: 4.750.000) eta tokiko edo herri aldizkariek izango dute igoerarik nabarmenena: 2006ko deialdian 408.120 euroko laguntza jarri zen haientzat eta orain 750.120koa; hazkundea, beraz, 342.000 eurokoa da.

Erdarazko egunkariek tarteka euskarazko gehigarriak ateratzeagatik jasoko dutena ere azpimarratzekoa da. Iaz sortu zuen Jaurlaritzak lehen aldiz partida hori, eta 507.650 euro bideratu zituen. Aurten, 568.600.

Prentsa arloan, orain arte ez bezala, Kultura Sailak egunerokoak bildu egin ditu multzo bakarrean (A multzoan; Berria, zazpi Hitza eta Kronika) eta horientzat denentzat igoera 155.280 eurokoa da (2.003.480 euro bideratu dituzte multzo horretarako).

Aldaketak deialdian

Urte bukaeran multzoren batera diru guztia bideratu gabe utziz gero, Jaurlaritzak aurten ez du beste multzoetan banatuko; besteetan hala egin izan du. Sobran geratuko litzatekeen diru hori euskarazko produktuak sustatzeko erabiliko luke (kanpainak...).

Hain zuzen, hauek dira multzoak 2007an:

-A: euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua dago.

-B: euskara hutsezko aldizkari inprimatuak. B1en aurten bildu egin dituzte informazio orokorrekoak, haur eta gazteentzakoak eta espezializatuak (aurten denentzat 1.151.000 euro, iaz 1.082.730). B2n tokiko edo herri aldizkariak daude.

-C: nagusiki gaztelania darabilten egunkarien euskara hutsezko gehigarriak.

-D: irratiak (aurten 329.000 euro, iaz 305.200).

-E: telebistak (aurten 575.000, iaz 500.000).

-F: Internet bidezko hedabideak eta berri agentziak (aurten 197.800, iaz 98.100).

Deialdian ageri den beste aldaketa bat: orain arte hedabideek Jaurlaritzatik jasotzen zuten laguntzaren %70 justifikatu egin behar zuten bigarren zatia eskuratzeko, baina hemendik aurrera hedabidearen beraren aurrekontu osoa justifikatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.