Askotarikoak dira euskal herritarrak. Euskal Herriko kale eta bazterretan mintzaira ugari entzuten da, hainbat jatorri, kultura eta sineskera dituzten herritarrak elkarrekin bizi dira, nor bere pentsamoldearekin, nor bere identitatearekin. Nazio askoren ezaugarria da hori, eta Euskal Herria ez da salbuespena.
Aniztasun eta aberastasun hori nola zaindu, nola gorde, nola uztartu da gakoa, are gehiago kontuan hartuta Euskal Herriko berezko nortasun, kultura eta hizkuntza ere mehatxupean daudela, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izaki.
Arlo horretan lan egiten duten aditu eta eragileek nabarmentzen dute beharrezkoa dela paradigma aldatzea, eta Espainia edo Frantziako ereduak, askotan Euskal Herriko errealitatearekin zerikusirik ez dutenak, inportatu eta kudeatu beharrean, badela garaia Euskal Herriak berezko eredua sortzeari ekin diezaion. Bide horretan, lehenengo urratsak eginda daude.
Esperientziak trukatuz
IAIZ Identitateak eta Aniztasuna Ikerketa Zentroa koordinatzen du Pedro Alvite EHUko irakasleak (Kanaria Handia, Kanaria uharteak, 1962). Zentro horrek urtebete inguru eman du lanean, eta identitateen auzia ikertu eta horren inguruan gogoeta egitea du xede, batez ere Euskal Herrian eta estaturik gabeko bestelako nazioetan. "Arlo honetan hutsune handi bat zegoen", adierazi du Alvitek, "eta pentsatzen genuen bazela garaia ikerketarako gune iraunkor bat zabaltzea horren inguruan".
Joan den martxoaren 14 eta 15ean, Aniztasunaren kudeaketa izeneko jardunaldiak egin zituzten Donostian, Gipuzkoako Diputazioak sustatuta. IAIZ zentroa izan zen jardunaldien antolatzaileetako bat, eta han Katalunia eta Euskal Herriaren esperientziak aztertu zituzten hainbat adituk. Alvitek uste du jardunaldi horietan "lehenengo urratsa" egin zutela, eta, iragartzen duenez, badago asmoa datorren urterako nazioarteko batzarra antolatzeko, estaturik gabeko Europako gainerako nazioekin batera gaia aztertzeko asmoz.
Batzuek arazo edo traba gisa ikusten dute euskal gizartearen aniztasuna. Beste batzuek, berriz, gorde beharreko altxortzat. Edozein modutan, "saihetsi ezineko errealitatea" da, Alviteren hitzetan. "Euskal Herria aniztasun handiko nazioa da, hori hala da, eta horren aurrean nola kokatzen garen, abantaila edo desabantaila izan daiteke elkarbizitzaren garapenerako".
Aniztasun horren zati handi batek jatorri argia dauka: frankismoaren garaian gertaturiko migrazio prozesuak, batez ere Espainiatik Hego Euskal Herriko lau herrialdeetara, eta azken bi hamarkadetan munduko hegoaldeko herrialdeetatik izandako migrazio prozesu berriak. Alviteren ustez, "arazo konplexua" da herritarrak sailkatu nahi izatea, eta zehaztea kanpoan jaiotako pertsona bat noiz arte den etorkina: "Estatuek badituzte hori definitzeko tresna administratiboak, kasu askotan, pertsona edo talde horien atxikitze subjektiboa albo batera utzita. Estaturik ez duten nazioen kasuan arazoa konplexuagoa da".
Dena dela, immigrazioaren ikuspuntutik, badago errealitate bat Alviteren ustez "ezinbestean" kontuan hartu behar dena Euskal Herriko egoera egokiro aztertuko bada: Espainiatik iritsitako immigrazioaren garrantzia. "Euskal Herriko biztanleen %25 inguru Espainiako Estatuan jaio dira. Horietatik ehuneko handi bat, erdiak gutxi gorabehera, 1960ko hamarkadan etorri ziren, baina beste asko hurrengo urteetan etorri dira. Horien ondorengoak ere kontuan hartzen baditugu, emaitza da herritarren %50ek Espainiako Estatuaren eskualderen batean dutela jatorria. Hori herri honen historian dago, eta euskal gizartearen ezaugarri garrantzitsu bat da, Kataluniako gizartearen ezaugarri den moduan".
Sustatu beharrekoa
Samira Goddi (Donostia, 1984) Euskal Herria 11 Kolore elkarteko partaidea da. Taldea joan den azaroaren amaieran aurkeztu zuten, eta jatorri aniztasunaren inguruko eztabaida sustatzea du xede. Orain arte, bostehun eragile, elkarte eta norbanako baino gehiagok egin dute bat taldearen sortze agiriarekin. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta ekainaren 1ean, Aniztasunaren Eguna ospatuko dute Donostian.
Taldea osatzen dutenek "babestu eta sustatu beharrekotzat" jotzen dute kultur aniztasuna: "Gaur egungo joerak nahiko uniformetzaileak dira", azaldu du Goddik. "Guk, berriz, elkarbizitza eredu bat sortu nahi dugu, eta horretarako, elkar ezagutzeko, topo egiteko eta komunikatzeko guneak behar ditugu".
"Euskal Herrian, betidanik egon dira askotariko sinesmen, ohitura, hizkuntza, erlijio eta praktikak. Orain, beharbada, aniztasuna handiagoa da, esaterako, herri honetan 130 hizkuntza inguru erabiltzen dira, baina aniztasuna beti egon da herri honen historian".
Beste ezaugarri bat nabarmentzen du Alvitek: Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da, kultura eta hizkuntza minorizatuak dituena. "Orain arte, gai honi heldu diote errealitate hori kontuan hartu gabe, eta hori ezinezkoa da, buelta eman behar zaio ezinbestez. Euskal Herriak berezko begirada sortu behar du gai honen inguruan, arlo honetan Euskal Herriak bere historia, bere dinamikak eta bere logikak dituelako, guztiz desberdinak Almerian (Espainia) edo Montpellierren (Frantzian) daudenekin alderatuta".
Euskal Herriak bere buruan zentratutako ikuspegia izatea eskatuko luke horrek, "beste errealitateetatik datozen eredu eta eskemak inportatu gabe", Alvitek dioenez: "Badago ikuspegi bat ardatza Espainiako Estatuan duena eta, beraz, gaia kokatzen du Europako Batasunetik kanpoko immigrazioan eta atzerritartasunaren arloan, eta badago beste ikuspegi bat, Euskal Herrian zentratua, nazionalitaterako eskubidearen kudeaketa aldarrikatu eta euskal kultura eta hizkuntza elkarbizitzarako ardatz gisa hartzen dituena".
Alviteren ustez, asko dira herri baten partaide izateko moduak. Tresna asko daude horretarako, eta hizkuntza, "euskara ikastea, erabiltzea eta herri honen berezko mintzairatzat hartzea" garrantzi handiko erreminta da. Baina, haren ustez, "ez da bakarra. Hor daude bertan bizitzeko eskubidea, segurtasun juridikorako eskubidea eta abar".
Euskara integrazio eta kohesiorako tresna izan daiteke, "baina kontuan hartu behar da euskararen iraupena ez dagoela ziurtatuta, ez dagoela eredu bat, estaturik gabeko beste nazio batzuetan dagoen bezala, hona etortzen direnek bertoko hizkuntza doan ikasi ahal izan dezaten. Are gehiago, euskara genozidio baten biktima izan da frankismoaren garaian, eta trantsizioan itun moduko bat hitzartu zen euskararen normalizazioa ahalbidetzeko, baina ez dago mekanismorik kanpotik datozen pertsonek jakin dezaten itun hori eta euskara berreskuratzeko konpromiso hori badagoela. Hori zuzendu behar da".
"Euskara ezin da bigarren mailan utzi ikuspegi batzuek egiten duten bezala", gaineratu du. Izan ere, "ikuspegi batzuen arabera, atzerritartasunarena esaterako, hona datozen pertsonen lehentasuna lana bilatzea da, eta horretarako hizkuntza praktikoa gaztelania denez eta pertsona horiek betiko gelditzeko ez direla etorri irizten diotenez, gaztelaniari ematen diote lehentasuna. Etorkinei begira egiten diren politika eta jarduera gehienak gaztelaniaz egiten dituzte, eta, ondorioz, horietako askok ez dakite hemen hizkuntza bat dagoenik ere".
Mosaikoa
Goddik ere nabarmentzen du euskara kohesiorako tresna izan daitekeela: "Lehen aipatzen nituen 130 hizkuntza horiek ere gureak dira, eta horiek ezagutu eta aintzat hartzea ezinbestekoa da. Baina Donostiako jardunaldietan nabarmendu zen bezala, estaturik gabeko nazioetan, kasu honetan Euskal Herrian eta Katalunian, hizkuntza izan daiteke kohesiorako giltza. Nik esango nuke denon artean osatu behar dugun mosaiko horretan, kultura eta hizkuntza bakoitza mosaiko horren atal bat dela, zein bere kolore eta neurriarekin, eta euskara dela atal horiek guztiak elkartzen dituena".
Joan den astean, Espainako Gobernuak iragarri zuen Espainiako nazionalitatea eskuratzeko baldintzak gogortzeko asmoa duela. Aurrerantzean, "azterketa ofizial" bat gainditu beharko dute nazionalitatea lortu nahi dutenek, gaztelaniaz badakitela eta "Espainiako gizartean integratuta" daudela frogatzeko. Gainera, nazionalitatea kendu ahal izango da "ordena publiko edo segurtasun arrazoiak" direla eta.
"Alde batetik, baditugu estatu-nazio guztiek eskatzen dituzten baldintzak, kanpotik datorren herritar batek estatu horren nazionalitatea eskuratu ahal izateko", dio Alvitek. "Horretarako, eredu ugari eta estatu horren partaide bilakatzeko modu anitz daude: batzuk, malguagoak eta negoziagarriak; beste batzuk, itxiagoak. Beste aldetik, Alderdi Popularraren proposamena dugu; eta argi dago Espainiako nazionalitatea eskuratzeko bideen itxiera moduko bat dagoela. Hainbat arrazoi daude horretarako: esaterako, badago nahi bat estatuak berak edo estatua kudeatzen duten gobernuek sorturiko arazoak etorkinei leporatzeko, horien erantzule egiteko".
Alviteren ustez, beti egoten dira kanpotik datozen herritarrak komunitatean txertatzeko mekanismoak: gakoa da mekanismo horiek "irekiak eta negoziagarriak" izatea, "eta pertsona horiek integratzeko helburua bete dezaten". Edozein modutan, Alvitek pentsatzen du Espainiak edo Frantziak ezarritako politikak kritikatzea baino garrantzitsuagoa dela "aldarrikatzea herri honek izan behar duela kanpotik datozen pertsonak elkarbizitzara gehitzeko bere eredu propioa hautatzeko eskubidea. Europako estatuen politika atzerakoiak kritikatzea ondo dago, baina berezko eredua hautatzeko eskubidea ere mahai gainean jarri behar da".