Argi esan du Arnaldo Otegik: "Bozen testuinguruan egin arren, ez da proposamen elektoral bat". Alegia, hauteskundeetatik harago joatea duela helburu gaur aurkeztu duten Denon Herria proposamenak. Hiru dira 300 orri inguruko txostenak jasotzen dituen erronkak: eskubide sozioekonomikoak bermatzea, erabakitzeko eskubidea eta "bakearen bidea amaieraraino" eramatea. Otegi: "Gaurko irtenbideak bilatu ditugu, biharko bermeak bilatzeko".
"Herri duin bat" eratzea jarri dute helburu gisa, eta bide horretan, "eztabaida politikoaren maila igotzea". Horretarako egin dute Euskal Herriaren inguruko diagnosi zabala, eta proposatu dituzten arloz arloko neurriak. "Printzipioak eta baloreak baditugu, baina sakontasuna eta sinesgarritasuna behar dute. Eta proposamen hauek badute", esan du Otegik.
Lantalde "irekia"
Hiru zutabe nagusien inguruko zenbait xehetasun ere eman ditu lantaldeak, esaterako, pentsio sistema propio baten sorrera eta euskara "hiztunen eskubide gisa, demokrazia eta justizia sozial gisa" ulertu beharra. Baita Autogobernurako eta Subiranotasun Ekonomikorako azpisail sortu beharra ere. Horiek bete daitezen, baina, herritarren parte hartzea beharrezkoa dela azaldu du Otegik.
Proposamena "irekia" dela nabarmendu dute egileek, eta lantaldea ere halakoa izango da. Unai Pascual, Nerea Idigoras, Esther Larrañaga, Iratxe Esnaola, Jose Mari Usatorre, Idurre Eskisabel, David Fernandez, Iñigo Iruin, Oihana Etxebarrieta, Eider Rodriguez, Kepa Altube eta Xabier Landabidea izan dira, besteak beste, proposamenaren aurkezpenean. Irailaren 7an, eragileen eta "herriaren" aurrean aurkeztuko dute lana, Bilboko Euskaldunan. Otegi: "Herri honek duen gauzarik onena bere jendea da, hemen lan egiten duten pertsonak".