Ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak herri ekinaldi legegile berria. Hala, erraztu egin zuten herri ekimenez legeak legebiltzarrera eramatea: 30.000 sinadura behar ziren aurretik, eta, legea onartuta, 10.000 nahikoa dira. Baldintzak ere arindu egin zituzten; adibidez, sinadura emateko nahikoa izango da adin nagusikoa izan eta EAEko herriren batean erroldatuta egotea.
Bada, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gaur jakinarazi duenez, lege berria inpugnatu egingo du Espainiako Gobernuak. Konstituzioaren kontrakoa dela uste du Espainiako Gobernuak, "Euskadin bizi diren atzerritarrei" parte hartzea ahalbidetzen dielako, sinadura emanda.
1986an onartutakoa zen aurreko legea, eta UPDk abiatutako bideari jarraituz aldatu zuten, alderdi guztien babesarekin.