Politika

Herri elkargoen arteko polo baten sorrera planteatzen duen zuzenketa aurkeztu du Espagnacek

Senatari sozialistak Ipar Euskal Herriarentzako "antolaketarako eta kooperaziorako polo baten" sortzeko zuzenketa aurkeztu dio Frantziako Parlamentuak eta Senatuak aztertu beharko duten deszentralizazio egitasmoari. Sindikatu misto baten egitura luke Espagnacen proposamenak, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herri elkargoak bilduko lituzke.

Aitor Renteria.
2013ko ekainaren 3a
17:48
Entzun

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren hitzek behin eta berriz erakutsi dute Frantziako Gobernuak ez duela lurralde elkargoa sortzeko borondaterik. Horrek eragin lezakeen hutsunea saiheste aldera doa Espagnacen proposamena, nahiz eta ez dituen betetzen Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren aldeko gutxienekoak. Larunbatean milaka herritarrek ausardia eskatu zioten Hollanderi, elkargoaren eskaeraren aurrean "erantzun politikoa" emateko.

Espagnacen zuzenketa polo metropolitanoei dagokien atalean kokatzen da, 45. artikuluan. Gaur indarrean dagoen Pays egitura metropoli bihurtzea proposatzen du, gutxieneko aitortza instituzionala eskainiz Ipar Euskal Herriari. Egitura horren baitan leudeke Ipar Euskal Herrian dauden hamar herri elkargoak. Horrekin batera, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak osatuko lukete egitura.

Espagnacek nabarmendu du eskualdeak eta departamenduak bat egin dezaketela "Ipar Euska Herriaren antolaketa eta elkarlan" poloaren baitan.

Egitura onartuko balitz, honako arlo hauetan eragina ukan beharko lukeela dio zuzenketak: Antolaketa arloan etxebizitza arazoak gainditu eta ingurumena zaintzeko; tokiko garapena bermatzea, ekonomia, laborantza eta turismo arloetan bereziki. Gisa berean bermatuko luke euskal kulturaren eta euskararen garapena; Ipar Euskal Herriaren aitortza, garapena bermatuz eta onartuz dituen berezitasunak.

Maiatzaren 24an aurkeztu zuen zuzenketa, lurralde elkargoaren aldeko manifestazioa egin baino astebete lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.