«Herri gisa erantzun behar dugu»

Manifestazio jendetsua egin dute Andoainen, Iñaki Igerategi eta Inaxio Otañoren atxiloketak salatzeko

Gernikako Akordioren sinatzaileek deituta, ehunka herritar bildu ziren atzo Andoainen azken atxiloketak salatzeko. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Herri gisa eutsi egin behar diogu, eta aste honetan erakutsi dugun erantzuteko gaitasunarekin jarraitu. Sekulako garrantzia dauka herri moduan ematen dugun erantzunak». Atxilotuen gertuko batek eginiko hitz horiekin abiatu zen atzo Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño Ttintto-ren askatasuna eskatuz Andoainen (Gipuzkoa) eginiko manifestazioa. ETAko kide izatea leporatuta, biak espetxeratzeko agindu zuen ostegunean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak, inkomunikazio aldian tratu txarrak jasan zituztela entzun ondoren.

Igerategik eta Otañok eginiko tortura testigantzak direla eta, kezka nabari zen Andoinen bildu zen jendetzaren artean. 12:00etan bildu ziren, Goiko plazan, udaletxearen aurrean. Han ziren, besteak beste, Igerategi eta Otañoren hurkoak eta Tolosako suhiltzaile parkeko eta BERRIA taldeko lankideak. Ordezkari politikoen artean, berriz, Rufi Etxeberria eta Idoia Aiastui ezker abertzaleko kideak eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, besteak beste. Kazetarien aurrean, Etxeberriak eragile politikoei eskatu zien tratu txarren aurrean «jarrera argia» agertzeko, eta herritarrei dei egin zien mobilizazioetan parte hartzeko. «Gisa honetako gertakariak ez datoz bat errealitate politiko berriarekin», esan zuen.

Arestian aipatutako hitzen ostean, abiatu zen manifestazioa, Bake bidean atxiloketarik ez. Konponbide garaia da leloa zuen pankarten atzean. Hari eutsiz, Igerategi eta Otañoren gertukoak eta Ana Karrere Andoaingo alkatea eta Ainara Rodriguez alkateordea. Zumea plazarainoko bidea ordu erdian egin zuten. Igerategi eta Otañoren askatasuna aldarrikatu zuten manifestariek eta torturak salatu. Txalo zaparrada batekin amaitu zuten martxa.

Aste osoan ekintza ugari egin dituzte Igerategi eta Otañoren atxiloketak salatzeko; herritar asko bildu dira egunero Goiko plazan egin dituzten elkarretaratzeetara, eta haien lankideek ere protestaldiak egin dituzte lantokietan. Gernikako Akordioak elkartasuna agertu die, eta Andoaingo Udalak bi mozio onartu ditu, bata Bildurena eta bestea EAJrena (PSEk ez du bozketetan parte hartu).

Andoaingo kaleetan torturaren aurkako pintaketak azaldu direla eta, sozialistak kexu agertu dira, eta «presioak» salatu dituzte. «Gertakari horien inguruan» azalpenak eskatuko dizkio Rafaela Romero Batzar Nagusietako bozeramaileak Martin Garitano diputatu nagusiari.

Igerategi eta Otaño asteartean atzeman zituen Guardia Zibilak. Inkomunikatuta egon diren hiru egunetan irainak, postura behartuak eta kolpeak jaso dituztela salatu dute epailearen aurrean. Jotzeaz gain zerbait arnastera behartu zutela adierazi du Otañok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.