«Politika zerbait lortzeko baliabidea da; ez da helburua». Politikaren lehen lerrora iritsi berria dela nabari zaio Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiari. Ilusioz ari da lanean, amesten duen gizarte eredua politikaren bidez lor daitekeela sinetsita, eta hala izan dadin tematuta. Bere proiektua pertsonengan pentsatua dagoela azaltzen du hitzekin zein hizketarako moduarekin, hurbiltasun handiz mintzatzen baita. Ez ditu ulertzen politikan ohikoak diren liskar eta erasoak, eta «akordioaren kultura» aldarrikatzen du. EH Bildu horixe sortzen ari dela azaldu, eta bide horri atxikitzeko gonbita egin die gainerako indar politikoei: «Herri gisa pentsatzeko itun sozial politiko bat eskaini nahi diet. Ez gaitezen ibili elkarri mokoka eta irainka. Zein ekarpen egiten du horrek? Ez du inolako ekarpenik egiten herria eraikitzeko. Herria hitz eginez, akordioak eginez eta batuz egiten da; alderdi, eragile eta pertsonak batuz».
EH Bilduk proposatutako gobernu taldeak Bilbon egin duen aurkezpen sozialean esan ditu horiek Mintegik, aurreikusitako gidoitik aldentzen ari dela onartuta. Dozenaka gizarte eragiletako ordezkariek txiki utzi dute koalizioak EHUren Paraninfoan prestatutako aretoa. Asko eta askotarikoak izan dira EH Bilduk aurkeztutako sailburuen ahotik sail bakoitzaren helburu eta programak entzun dituztenak.
Euskal Herriko sindikatu guztietako ordezkariak izan dira aurkezpenean, ELA, LAB, CCOO eta UGTkoak barne. Ekonomia eta enpresa munduko ordezkariak. Hezkuntza mundukoak. Euskalgintzakoak, Andres Urrutia eta Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko buruak, zein EHEkoak eta AEK-koak, kasurako. Kultur arloko ordezkariak ere asko izan dira; ezagunena, Nestor Basterretxea eskultorea. Gizarte eragileetako beste kide asko ere ikusi dira. Tartean, protagonismorik nahi ez zuen Periko Solabarria eskubide sozialen aldeko militante historikoa.
Koalizioaren proiektuaren ardatz nagusia parte hartzea dela-eta, guztien presentzia eskertu du Mintegik, proposatutakoen inguruko «kritika eta ekarpenak» eskatzeko: «Esku askoren artean landu dira programak, baina gehiagorenak eskertuko ditugu beti». Izan ere, «proiektu irekia» da oraindik EH Bildurena, lehendakarigaiaren hitzetan, eta eragileen zein banakoen ekarpenekin aberasten ari da. Edozein kasutan, agindu du gobernuan egonda ere eragile eta herritarren parte hartzean oinarritutako lan eredu bat izango duela, «politika ezin delako goitik behera soilik egin».
Koalizioaren bi helburu nagusien inguruan elkartzeko deia ere egin du; bakegintzaren eta justizia sozialaren alde batzeko. Hain zuzen, gizarte eredu justuagoa eta buruaskia lortu nahi duela azaldu du Mintegik. Lehendakarigaiaren aurretik sailburugaiek banan-banan aurkeztutako proposamenek ere bide horiek uztartzen dituzte, ezkerreko politikari eta justizia sozialari garrantzi berezia emanda.
Aberatsenentzako zerga
Hain zuzen, koalizioak proposatzen duen gizarte politika «justuagoa» ahalbidetzeko, ezkerreko politika ekonomiko eraginkor batean oinarrituko dela ziurtatu du koalizioak. Goizean, proposatzen duen zerga sistemaren berri eman zuen Mintegik.
«Fortuna handiei zerga ezartzeko asmoa dugu», jakinarazi zuen lehendakarigaiak, azaldutaneurri hori ez dela «kontu ekonomikoa soilik»; «neurri politikoa ere bada, progresibitateak oinarrizko printzipio izan behar duelako». «Ezin da onartu gehiago duenak gutxiago ordaintzea».
Zerga iruzurrarekin «zero tolerantzia» izango duela ere esan du: «Gipuzkoan ezartzen saiatu diren neurriek emaitza ona eman dute. Etekin ekonomikoa eman dute, baina, batez ere, gizarte solidarioago baten eredua indartzen dute». Bestalde, proposatu du sozietate zergaren jaitsiera amaitzea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
«Herri gisa pentsatzeko itun bat» eskaini die Mintegik alderdi guztiei
«Akordioaren kultura» aldarrikatu, eta «elkarri irainka» ibiltzeari uzteko eskatu du, «ez duelako herria eraikitzen laguntzen»Bakegintza eta justizia sozialaren alde biltzera deitu du, gizarte eragileen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu