euskal herria

Herri harresia prestatzen hasi dira Iruñerriko gazteei babesa emateko

Uztailaren 3an aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak Maider Caminos, Aritz Azkona, Luis Goñi, Xabier Sagardoi eta Mikel Jimenezen epaia. Ekainaren 22rako hainbat ekitaldi iragarri dituzte, herri harresia irudikatzen hasteko.

Berria.info
2013ko ekainaren 13a
18:36
Entzun

Gaur eguerdian agerraldi jendetsua egin dute Iruñean egoeraren berri eman eta ekainaren 22an eginen dituzten jardueren berri emateko. Egun horretan herri harresia irudikatu egin nahi dute 11:30etatik aurrera Gazteluko plazan. Kultura taldeei bertaratu eta tailerrak edota emanaldiak eskaintzeko deia luzatu diete, eta, gainontzeko herritarrei, bertaratzeko eskatu diete. "Denon artean eraiki beharreko zerbait da, bakoitzak nahi eta ahal duen moduan herri harresia sortuko duen harria jarri beharra du, guztion artean herri harresi indartsu bat sortze aldera", azaldu du Aritz Azkona auziperatuen izenean. Egun horretan batzarrak ere eginen dituzte egoeraren inguruan hausnarketa egiteko.

Seina urteko zigorra ezarri zieten bost gazteei Segiko eta Ekineko kide izatea egotzita. Inkomunikazio aldian torturatu egin zituztela salatu zuten guztiek, eta polizien esku zeudenean egindako adierazpenetan oinarritu zen epailea gazteak erruduntzat jotzeko. Horregatik, epaia bertan behera uzteko eskatu dute. Dagoeneko hainbat bilera antolatu dituzte herritarrekin batera. Atzo Barañainen bildu ziren, eta gaur arratsaldean Zizurren eginen dute, Kultur Etxean, 19:30ean.

Babesa emateko, aurreko asteetan Donostian eta Ondarroan arrakasta handia izan duen herri harresia eraikiko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.