EAJk ez dauka konpromisorik «herri honekin», Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera. «Dirudienez, EAJk interes gehiago du marko politikoa gainditzeari buruz eztabaidan segitzeko, euskal gizarteari benetan inporta zaizkion eta benetan eragiten dioten gaiei buruz hitz egiteko baino». Irakurketa hori egin du Lopezek, EAJk bere azken lankidetza proposamenari ezetz esan ostean. PSE-EEren EAEko batzordean egin zituen adierazpenok Lopezek, atzo. «Ez diet eskatzen gobernuari babesa ematea. Gehiengo indartsu bat daukagu. Eskatzen diegu herri honen aldeko konpromisoa», esan zuen.
EAJk gaur Euskadi eraikitzen lelopean BECen egiteko duen ekitalia ere kritikatu zuen Lopezek atzo. Ekitaldi horretan, «beren marko politiko berria» aurkeztu behar dute, Lopezen arabera, «zeren ez dute inoiz hitz egingo hezkuntzaz, osasun gaietaz edo gizarte zerbitzuetaz». Jaurlaritzako lehendakariak hitz horiek egin zituen bitartean, hezkuntzari buruzko hitzaldia egin zuen Iñigo Urkullu EBBko buruak, Sabin Etxean.
«Berei bakarrik interesatzen zaizkien» gaietan murgilduta ikusten ditu Lopezek jeltzaleak, eta, horretan ari diren bitartean,ez zaio egokia iruditzen gobernuan daudenei egoztea «herria gidatzen aritzea». «Legegintzaldia amaituko da, eta herria lideratzen ari dena EAJ dela esaten jarraituko dute. Baina, bien bitartean, azkenengo bagoian egongo dira, baldin eta trena hartzen badute».
Bestalde, zerga sistemari buruz gogoeta sakon bat egiteko beharraz ohartarazi zuen Lopezek. Izan ere, haren ustez, «Euskadin eta Espainian» herrialde nordikoetako zerbitzuak daude, eta Afrikan ordaintzen diren pareko zergak ordaintzen dira.
«Herri honekin» konpromisorik ez izatea egotzi dio Lopezek EAJri
Lehendakariak salatu duenez, marko politikoaren aldaketaz bakarrik hitz egin nahi dute jeltzaleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu