Berbereek herri bezala aitor ditzala eskatu diote Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari, Tripolin antolatu duten hitzaldi batean. Libiaren Konstituzio berrian euren kulturaren berezko ezaugarriak jasotzea nahi dute, eta bereziki euren hizkuntza babestea eskatu dute. Muammar Gaddafik hizkuntza debekatu zuen eta 1980ko hamarkadan hainbat intelektual berbereer espetxeratu zituen. Libian berbereen alde ematen diren pausoak gertutik jarraitzen dituzte herri horretako beste kideek Marokon eta Aljerian, eta litekeena da Libian ematen diren pauso horiek errepikatzea.
"Hizkuntz eskubideak ez dira eztabaidagai. Hurrengo Gobernuak gure hizkuntza Libiaren zati bat dela onartzea nahi dugu", esan du Fathi Salem Abu Zakharrek, hitzaldiko antolatzaileetako batek. Kontseilu Nazionalean Salem Qinnan berberea dago, eta eskakizun horiekin egin du bat: "Hizkuntza nazionala da, eta Jainkoak hala nahi badu, berbereek gure anai libiarrekin batera egingo dugu lan Konstituzioak horrela jaso dezan".
Libian gai horrek zatiketa eragingo duelako arriskua dagoela uste dute askok, eta horregatik Amin Mazen idazle libiarrak konfiantzarekin aritu behar dela adierazi du. "Inork ez dezala uste egi bakarra berea dela", gaineratu du. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak iragarri du Libia osatzen duten herri guztien eskubideak jasoko dituen gobernua osatzea duela helburu, baina oraingoz arlo horretan aurrerapausorik ez da izan.
Bitartean, orain jakin da amazigak Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren matxinoen aurka borrokatu zirela Ghadames hirian, Libiak Aljeriarekin duen mugatik gertu. Hiria matxinoen kontrolpean dago, eta asteburuan erasotu zutela esan dute. Hasieran erasotzaileak Gaddafiren aldeko soldaduek burutu zutela esan dute, baina gero matxinoen armadaburu batek adierazi du Gaddafiren aldeko amazigak izan zirela erasotzaileak.
Aljeriako amazighen buru batek erasoa baieztatu du, eta matxinoen jarrera eurekiko salatu du: "Amazighak bota nahih gaituzte, eta horrek piztu zuen borroka. Gure anaiei esan zieten Gaddafi desagertu dela eta eurek ere desagertu behar dutela".