Iruñeko Udalak 3.000 euroko isunak jarri dizkio Herri Sanferminak plataformari, afixak itsatsi eta plaza batean ura ez jartzeagatik. Hala salatu dute plataformako kideek, eta ohartarazi dute halako neurriek kolokan jar dezaketela herri sanferminen antolaketa. Horretaz gain, gogorarazi dute udalarena dela, eta ez plataformarena, plazetan ura eta argindarra jartzeko betebeharra.
"Oso larria da gertatutakoa. Batez ere kontuan izanda isun hauek UPNk garatutako udal araudien emaitza direla, haren politiken ondarea", gaitzetsi du plataformak, eta eskatu dio Joseba Asironek zuzentzen duen udalbatzari egin dezala udal araudi berria. Izan ere, plataformaren iritziz, "ezinezkoa" da egun indarrean dagoen araudiaren puntu guztiak betetzea. "Udalak berak antolatzen dituen ekimenetan ere ez dira guztiak betetzen".
Plataformak elkarlanerako deia egin dio Iruñeko Udalari, "eraikitzailea eta positiboa" izango den udal araudi bat osatzeko bidean.