Danimarkan baino zortzi aldiz udalerri gehiago. Grezian eta Portugalen baino bi bider gehiago. Herrialde horiek baino askoz biztanle gutxiago ditu Euskal Herriak, baina herrien kopuruan oso goitik dago. Herri bat 4.600 biztanleko. Europako herrialde gehienetan handiagoa da portzentajea: udalerri gutxiago daude. Krisiarekin lotuta, tokiko administrazioaren berrantolaketa mahai gainean jarri da. Azkeneko, Nafarroako Gobernuak iragarri du azterketa hasiko dutela: bi urte hartu ditu gogoeta egiteko. Europan ere nabaria da mugimendua. Mamu baten eran, maiz agertu da muturreko aukera bat: udalerriak batzea. Oraingoz, hala ere, Euskal Herrian jarraitzaile gutxi dauzka aukera horrek.
Herrien banaketari erreparatuta, hara aldea: mila biztanle baino gutxiagokoak udalerrien %60 dira Euskal Herrian; biztanleen aldetik, berriz, %4,5 dauzkate. 408 herri daude egoera horretan. Gehienek, gainera, 500 biztanle baino gutxiago dauzkate: 305 herrik. Ehun biztanle baino gutxiagokoena ere aintzat hartzeko kopurua da: 54 udalerri —Nafarroan, 41; Zuberoan, zazpi; eta Nafarroa Beherean, sei—. Hiru herrialde horietan daude mila biztanle baino gutxiagoko udalerri gehienak.
Gazteluberrik du marka. Nafarroan dago, Zangoza aldean. Hamazazpi biztanle dira. «Eusten» ari zaizkio udalari; hala dio Jose Hernandez alkateak (UPN). «Egurra dugu udalaren lursailetan, eta hori baliatzen dugu, nahiz eta diru gutxi eman orain». Udalak langile bakarra du: idazkaria. «Hamabost egunean behin etortzen da. Ez dago lan gehiagorik». Hautetsi bakarra Hernandez da —bederatzi legealdi daramatza alkate; 75 urte ditu—, baina azaldu du herritar guztiek parte hartzen dutela udalean. «Osoko bilkurara nahi duten denak etortzen dira; ahotsa eta botoa guztiek dituzte».
Muga, udalerri berrientzat
Muturreko egoera da Gazteluberrikoa, baina horrelako adibide gehiago ere badaude. Antolaketa «atomizatua» da, Aritz Romeoren esanetan; Iruñeko EH Bilduko zinegotzia da, eta doktore tesia egin berri du Nafarroako toki antolaketari buruz. Herri txikiak batzea proposatu du, horrek autonomia handiagoa dakarrelakoan: «80 biztanleko udalerri batek zer autonomia du, dirurik ez badauka? Gobernuak erabakitzen du».
Udalerriak batzeko aukera askotan jarri dute mahai gainean azken urteetan. Hemeroteka da lekuko. PSNk, 2012an, gobernuan zegoela, 200 biztanletik beherako udalak batzea proposatu zuen, eta 2.000tik beherakoak barrutietan biltzea. «Zerbait egitea dagokigu», esan zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Ramon Jauregik, Espainiako Presidentetza ministro zelarik (PSOE), mila biztanle baino gutxiagoko herriak batzearen alde egin zuen. Ezerezean geratu ziren proposamen guztiak. PPk hartu zuen lekukoa gero: murrizketen giroan, aurrezteko bide gisa proposatu zuen 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak batzea —Euskal Herrian, udalerrien %85 dira—. Polemika handia eragin zuen asmoak, eta ez zuten lege egin: herri horiek batzeko «erraztasunak» jarri zituzten —finantzaketa handiagoa eta diru laguntza deialdietan lehentasuna izatea, adibidez—.
Euskal Herriko erakundeek ere arauetan jasoak dituzte horrelako aukerak. Lehentasuntzat ere jotzen dute. Hau dio Gipuzkoako foru arauak: «Argi dago udalerriek bat egitea eta udalerri batzuk besteei atxikitzea bultzatu behar dutela foru erakundeek». Ez da horrelako kasurik izan, ordea. Areago, aurten beste herri bat sortuko da Gipuzkoan: Itsaso. Ezkiotik bananduko da —frankismo aldian batzera behartu dituzten—.
Baina nork bat egin nahi du?
Alderdi politikoetatik, ordezkari gutxi ageri dira jendaurrean herriak batzearen alde. UPD da salbuespena. Eusko Legebiltzarrean Udal Legea eztabaidatzen ari dira oraintxe, eta Gorka Maneiro parlamentariak eskari hori egin du. Muturreko proposamena da talde horrena: herriak batzea, denek 20.000 biztanle baino gehiago izateko. Gipuzkoa osoan, adibidez, hemezortzi herri soilik leudeke.
Halako mugimenduak nabari dira Europan. «Herrialdeen erdiek erreformak egin dituzte udalerrietan: eskumenak aldatu, herriak batu... Joera argi bat ez da ikusten, halere». Carlos Mascarell mintzo da; Udalerri eta Eskualdeen Europako Kontseiluko kidea da. Ohartarazi du udalei begira jarri direla asko krisialdian. «Defizit handiena sortu dutenak ez dira udalerriak, baina presio handiena haien gain jartzen ari dira». Formula gisa, herriak batzea hautatu dute herrialde batzuek, dirua aurrezteko. «Batze derrigortuak dira batzuetan; beste batzuetan, borondatezkoak». Europak berak bultzatu ditu batze horietako batzuk; Grezian, adibidez, bateratu egin zituzten udalerrien bi heren.
Beste herri batera batzeari buruz ez dute ezer entzun nahi Gazteluberrin. «Ez dugu nahi. Gu ez gara besteren bailara edo herri batekoak. Herri txikia izan da beti gurea, baina bere kabuz moldatu izan da», adierazi du, irmo, alkateak. «Orain arte inork ez digu ezer esan herria batzeari buruz». Hor dago gakoa: zein herri dago prest beste batekin bateratzeko?
Udalen elkarguneak
Nafarroako Gobernurako akordio programatikoan sinatu zuten tokiko administrazioaren erreforma bultzatu behar zela: «berregituratzea» aipatu zuten. Xabi Lasa da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendaria. Berregituratze hori udalerriek bat egitea ote den galdetuta, ezetz erantzun du. «Ezer desagerrarazi gabe antolakuntza administratibo hobea egin behar da. Baldin badago populazio bat komunitate gisa bizi nahi duena, errespetatu behar da eskubide hori». Aitortu du, hala ere, «populazio minimo bat» behar dela zerbitzu batzuk emateko. «Baina guk ez dugu finkatu minimo bat». Legeetan jasoak daude gutxieneko batzuk, baina soil-soilik udalerri berrientzat; Nafarroan bertan, adibidez, gutxienez mila biztanle eduki behar dira udalerri berri bat egiteko.
Udalak bateratzearekin dudak ditu Mascarellek: «Kudeaketa ez da beti eraginkorragoa. Badirudi eskumenak gorago eramatea beti merkeagoa dela, baina premisa hori ez dago argi». Romeo, bide beretik: «Batzeak ez dira dirua aurrezteko, automomia eta zerbitzu handiagoak izateko baizik». Uste du bereizi egin behar direla herri eta udalerri kontzeptuak: bat lurraldeari dagokio, eta bestea, antolaketa administratiboari. «Nafarroan eta Araban hor ditugu kontzejuak ere. Abantaila hori jada badugu. Herriko aferak kudeatzeko erakundeak hor dira».
Batzeei beste bi hutsune ikusten dizkie Mascarellek. Batetik, erabakiguneak urruntzea: «Herrietatik eskumenak kentzeak demokrazia mailan eragin dezake». Bestetik, sentimenduak: «Herriarekin sentimendu handia dute herritarrek. Estatu zentralizatuetan eragin txikiagoa dute bat egiteek, baina beste batzuetan, handia». Euskal Herria bigarren talde horretan legoke. Aukera: mankomunitateak indartzea. Mascarell: «Errespetuzkoena eta eraginkorrena da. Egitura demokratikoari eusten zaio herrian, eta aldi berean, zerbitzuak modu eraginkorragoan eman ditzakete».
Halako prozesu batean erabat murgilduta daude Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriko etxeak: elkargo bakarra sortzeko prozesua martxan dago. Denak ez daude konforme, hala ere. Barnealdeko hamazazpi auzapezek bilkura egin zuten aurreko astean, elkargoaren kontrako jarrera indartzeko asmoarekin. Argudioa dute «kostaldearen interesak» defendatuko dituela elkargoak; alegia, herri handienak.
Oraingo egoeran herri txikiek kaltea dutela uste du, ordea, Daniel Oltzomendik; Izura-Azmeko auzapeza da (Nafarroa Beherea), eta Iholdi-Oztibarre elkargoko presidenteordea. Herri txikiak «ahul» direla dio. «Ahalak gaizki kudeatzen ditugu». Ohartarazi du elkargo batetik bestera zerbitzu ezberdina jasotzen dutela herritarrek. «Iholdi-Ozibarreko elkargoan, adibidez, ez dira Garazi-Baigorrin adinako gizarte zerbitzuak. Denek berdin behar genuke». Elkargo bakarraren aldekoa da, beraz. «Herri ttipietan ahal eskasa dugu proiektuen egiteko. Denek elkarrekin, posible da ahalak handitzea». Hortaz, «elkartasuna» eskatu du hori lortzeko.
Nafarroako aldaketak
Mankomunitateak ere ez dira, ordea, denaren salbazio iturri. Nafarroako Gobernuak, adibidez, hor ikusten du berrantolaketa handia egin beharra. 65 mankomunitate daude. Gehiegi, gobernuaren ustetan. «Zerbitzuei begira planteatu izan dira mankomunitateak. Horrek eragin du, adibidez, udal batzuk bost mankomunitatetan egotea: urarena, hondakinena, gizarte zerbitzuena, kirolekoa...». Hor bai, hor ikusten du bateratzeak egin beharra Lasak. «Desoreka eta sakabanaketa handia dago, kargu asko... Gehiegizko gastua».
Proposamen zehatz bat egin du gobernuak: 65 mankomunitateren ordez, hamabi izatea. Bost aldiz gutxiago. «Uste dugu kopuru hori egokia dela. Hala ere, berdin digu hamabost-hamasei badira». Aldaketaren helburua da eskualde itxurako antolaketa bat ezartzea Nafarroan: lurraldea izatea antolaketa irizpidea, eta hala biltzea zerbitzuak. Aurreko gobernuak ere saiatu izan dira halako aldaketak egiten, baina ezerezean geratu ziren. Lasa: «Akats larri bat egin zuten: udalak eta kontzejuak ez zituzten kontuan hartu».
Bi urteko prozesu bat hasi du gobernuak, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioarekin batera. «Erabakia» udalek izango dutela nabarmendu du Lasak. Azken hitza parlamentuak izango du, lege bat baino gehiago aldatu beharko baitituzte —eskumenen banaketa argitu nahi dute, udalen finantzaketa...—. Ziurra da eztabaida handiak izango direla. «Erabaki batzuek batzuei egingo diete mesede, eta beste batzuek, beste batzuei. Interes orokorrari begiratu behar genioke, halere».