Herri Urratsen aurkezpena egin dute gaur, eta, bertan, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaialdia iragartzeko kartelaren berri ere eman dute. Datorren maiatzaren 13an egingo da, Senperen.
Andde Zudairek egin du kartela, urtetan Herri Urratsen lehendakari izandako Serge Zudaireren semeak. Hala, Serge Zudaire omendu nahi izan dute, Senpereko festaren prestaketa lanen ardura bizkar gainean eraman izan baitu. Aurten, besoak elkar loturik dituzten sei pertsonaren irudia agertzen da. Duela egun batzuk iragarri zen bezala, La Troba Kung Fu talde katalanak egin du aurtengo festaren kanta, Elkartuz zabaldu.
Herri Urratsen jasotako dirua Kanboko Xalbador ikastolako lanak ordaintzeko erabiliko da. 5,5 milioi euroko aurrekontua du egitasmoak. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak nabarmendu duenez, 2012-2013ko ikasturtean 3.000 ikasleren marra gaindituko du Seaskak.