Herri Urrats jendetsua espero du Seaskak

Maiatzaren 8an Senpereko aintzira betetzeko deia egin die Seaskak Euskal Herri osoko euskaltzaleei

Bakoitzaren tanta ekarriz, elkartasunaren itsaso zabala lortu nahi du Herri Urratsek. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzaren 8an, Senpereko aintzira jendez gainezka ikusi nahi du Seaskak 28. Herri Urrats bestaren karietara. Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei berezia egin die Seaskak, euskararen alde mezu ozena zabaltzeko eta erakundearen egoera ekonomiko larria gainditzen laguntzeko. Herri Urratsen bildutako dirua Kanbon (Lapurdi) Xalbador kolegioa konpontzeko erabiliko du.

Irakasleen esleipena arautzeko asmoz, 2009an hitzarmen bat izenpetu zuten Frantziako Gobernuak eta Seaskak. Alta, urtero gero eta ikasle gehiago ukan arren, ministerioak ez dizkio ematen dagozkion irakasle postuak. Aurten, hamazazpi irakasle lanpostu ordaindu ditu Seaskak, eta heldu den urtean, hogei izanen dira. Botere publikoek egoera aldatzea lortzen ez duten bitartean, Seaskak bere gain hartu behar ditu eraikuntza arloko zein murgiltze ereduaren hedapenak eragindako xahutzeak. Horregatik, Herri Urratseko etekinak beharrezkoak ditu Seaskak.

Eremua zabaldu

Herri Urrats bestaren eremua doi bat handituko dute antolatzaileek aurten. Horrekin batera, egitaraua ere ahal bezain zabala prestatu dutela azaldu zuen atzo Serge Zudaire Herri Urrats elkarteko presidenteak. Baxenabarre gunean bretoierari buruzko erakusketa bat ezarriko dute. Nafarroa gunetik, berriz, aintziran eginen diren emazteen estropadak ikusteko parada egonen da.

Aurten, indar berezi bat egin dute Haurren Xokoan proposatuko diren animazioetan. Irrien Lagunak taldearekin batera antolatuko dituzte animazioak, eta han izanen dira puzgarriak, lantegiak eta pailazoak. Ahalmen urria edo ezintasunen bat duten haurrentzako proposamenak ere egonen dira. Besoetako haurrei begira, oihal etxe berezi bat prestatuko dute antolatzaileek, bai haurrei bularra emateko, bai xatarrak aldatzeko lasaitasun osoz.

Nafarroa guneko animazioa 10:00etan hasiko da, bertsolarien eskutik. Ondoren, Begiz Begi eta UK Bill taldeak arituko dira. 13:30ean, dantzak hartuko du protagonismoa, Patxi ta Konpainia taldearen eskutik. Patxi Perezek dantza urrats xumeak erakutsiko ditu, bertaratzen den jende guztia dantzan jartzeko asmoz. Arratsalde partean, rock musikak hartuko du lekukoa. 15:00etan, Izate taldeak joko du, eta, 16:30ean, Berri Txarrak taldeak. Haiek egin dute aurtengo Herri Urratseko kantua, Sustrai Colina bertsolariaren hitzei musika jarriz. Emon taldeak kontzertua eginen du arratsaldeko seietan, eta gero oholtza itxiko dute.

Lapurdi guneko egitaraua ere 10:00etan abiatuko da, Arroka taldearen eskutik. Han, nahi duenak ohiko kantuak abesteko parada ukanen du. Ondoren, bertsolariek hartuko dute segida, eguerdian. Oren batean, Roni taldeak joko du, Watson taldearen aitzinetik. Jarraian, Xarnege taldea arituko da, eta Kalakan txalaparta saioak itxiko du gune horretako egitaraua.

Araba guneko egitaraua Errenteria Musical taldearen eskutik abiatuko da. Gero, Bretainiako Cercle Armor Argoat taldea arituko da, hango kantu eta dantzak eskainiz. Galiziako Luar Na Lubre taldea ere han arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.