Gaurko manifestazioaren iragarpenak ez du inor esatekorik gabe utzi. Alderdi abertzaleek erantzun bateratua goraipatu dute, eta PSE-EEk eta PPk, kritikatu.
Joseba Egibarrek eta Pernando Barrenak Euskadi Irratian bat egin dute esaterakoan joan den asteazkeneko atxiloketen ostean "jendeak herri erantzun bat eskatu" duela. Egibarrek uste du "oinarrizko giza eskubideak urratu" direla, eta horren aurrean, "iritziak emateaz gainera, gizarteari bidea erakutsi behar" diotela. "Beste bide bat nahi dugula esan behar diegu, berriz, Auzitegi Nazionalari eta PPri".
Barrenak eman ditu deialdi bateratuaren garapenari buruzko azalpenak. Abiapuntu gisara "Euskal Herrian zabaldu den aro berrian urratsak egitea" jarri dute. Horri eskerrak lortu dute bat egitea, hasieran premisa ezberdinak izanda ere. Jokoan dagoena ez baita, haren ustez, alderdi baten interesak, herri batenak baizik. "Jokoan dago bakea, herri hau normalizazio politikora eramatea. Ez gaude atxilotutako pertsonez ari soilik, interes orokorraz baizik".
Egibarrek ere perspektibarekin begiratu beharrari erreparatu dio. "Prozesu bat martxan dago, eta urratsak egin behar dira". Bilera egin zuen atzo EAJk egoera aztertzeko, eta "egoera larria dela pentsatzen denek bat egin" zutela esan du, eta horren aurrean "erantzun bat eman behar" zela.
PSE-EE "oso kezkatuta"
PSE-EErentzat "iraganeko une okerrenetan bezala, gizartea 'gureen' eta 'besteen` artean banatzea kezkagarria da, askatasuna eta demokrazia defendatzen dugunon eta haiei erasotzen dietenen artean egin beharrean". Sozialisten arabera, "gauza bat da Espainiako Gobernuaren ekintzak kritikatzea, eta bestea, oso ezberdina, Batasuna zenaren kideen besoetan erortzea", azaldu du PSE-EEk ohar bidez. "EAJk Sorturi ETArekin amaitzeko eskatu beharrean, bera laguntzera atera da, eta estaldura eman dio".
Sorturen "hipokrisia" ere salatu du, giza eskubideak eskatzen dituenean, "ETAk izan baita giza eskubideen urratzaile handiena".
PPrentzat "giza eskubideen kontrakoa" da manifestazio hau, Arantza Quiroja alderdiaren EAEko buruzagiaren hitzetan, eta EAJren "sekulako arduragabekeria" utzi du agerian. "Erabaki judizialak errespetatu egin behar dira, besterik ez". Baina manifestazioaren atzean giza eskubideak defendatzea ez den beste interesik badela uste du Quirogak: "Batasunerako interes bat".