Azaroan aurkeztu zuten Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragitea duen egitasmoa. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak elkarrekin taxutu zuten proposamena, eta geroztik andana bat eragile eta instituzio batu dira proiektura. Euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanaren adibide praktiko bihurtu da, bidenabar.
Pixkanaka ari dira zehazten egitasmoaren nondik norakoak. Udazkenean izango da 11 eguneko erronka, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Ahal den guztietan euskaldunek euskaraz egitea da asmoa, hainbat herritan jadanik abian izan dituzten egitasmoak aintzat hartuta. Bi rol izango dira parte hartzeko. Batetik, ahobizi direlakoak: euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz arituko dira, eta, ez badakite mintzakideak euskaraz dakien edo ez, lehen hitza euskaraz egingo dute beti. Bestetik, belarriprest direlakoak: euskaldunei ez diete oztoporik jarriko euskaraz egiteko, nahiz eta agian ez izan gaitasunik euskaraz erantzuteko.
Egitasmoa Euskal Herri osora zabaldu nahi dute. Horretarako, hasiak dira herriz herriko lanean. Lehen pauso gisa Euskaraldian parte hartuko duten herrien zerrenda osatu nahi dute. Emana dute izena batzuek jada, eta apirilaren 8ra arteko epea dago horretarako. Gaur egin dute horretarako deia Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Eudel udalen elkarteko, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Topaguneko ordezkariek.
Euskalgintzako eragileen eta erakundeen arteko elkarlana dutenez helburu, proposamena da bi aldeak uztartuko dituzten batzordeak sortzea herrietan, Euskaraldiaren nondik norakoak zehazteko. Hasiak dira herri batzuetan; Arrigorriaga (Bizkaia) eta Zarautz (Gipuzkoa) jarri dituzte adibide.
“Ilusioa eta gogoa” nabari da herrietan, Euskaraldiaren arduradun Arrate Illaroren esanetan. “Masa nahikoa” izango dela aurreratu du, nahiko herrik parte hartuko dutela, eta Euskal Herri osora hedatu asmo dutela. Egoerak ez dira berdinak leku batetik bestera, hala ere. Egokitze lan bat eskatuko du horrek, nork bere egoeraren eta gaitasunaren arabera. “Gauzak ondo egin nahi ditugu”, ohartarazi du Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Aurreratu du ikerketa bat jarriko dutela abian egitasmoa abian den egunetan, Euskaraldia bera ebaluatzeko.