68 egun pasatu dira Arbonako lurren eta etxearen okupazioa hasi zutenetik. Laborantza lurren saltze prezio espekulatiboa salatzen dute laborariek, eta bitarte horretan herritar anitzek bat egin dute borrokarekin.
Besteak beste, lur horietan baratzezainak plantatzen ahal liratekeela erakusteko, baratzea egin dute ELBk eta Lurzaindiak. Okupazioa sostengatzeko BOST kolektiboa ere sortu berri dute herritar batzuek, eta asmoa da iraileko egun bakoitzeko jendea herrika biltzea okupazioaren atxikitzeko. Egutegi bat osatu dute horretarako.
Okupazioa sostengatzeko BOST kolektiboa sortu dute herritar batzuek. Asmoa da egun bakoitzeko jendea eskualdeka biltzea okupazioaren atxikitzeko. @berriapic.twitter.com/opLaAAIm1q
— Oihana (@oi_tsr) August 30, 2021
Jabeak irailaren 16an eman behar dio SAFER egiturari laborantza lurrak lehentasunez partzialki erosteko galderaren erantzuna. Baiezkoa ala ezezkoa: «Determinatuak gara», azaldu dute laborariek.
Ekainaren 23tik
Ekainaren 23tik ELBk eta Lurzaindiak Arbonan okupatzen duten lurrak hamabost hektarea ditu, etxea barne. Laborari bat baino gehiago instalatu daitezke bertan, baratzezaintzan, adibidez. Baina hiru milioi euroan dago salgai, eta diru hori emateko prest den erosleak ez du laborantza proiektu baterako nahi. Lehentasunezko erosketa partziala hamabi hektareako laborantza lurrentzat egin du SAFER egiturak.
Horregatik, ekintzara pasatzea erabaki zuten laborariek. Okupazioarekin hasi ziren lehenik, eta baratze bat landatu zuten ondotik. Uztailaren 13an, ekintza ikusgarri bat ere egin zuten: 125 traktore bildu, eta Miarritzeko (Lapurdi) aireportura abiatu ziren Arbonatik, barekurkuilu operazio batean, eta inguruko errepideetako zirkulazioa kolapsatu zuten.