"ETA eta haren kideak goratzea" dela iritzita eskatu diote Espainiako Auzitegi Nazionalari datorren abuztuaren 8an Donostianherriko tabernen kontrako epaia salatzeko egitekoa den manifestazioa debekatzeko. Terrorismoaren Biktimen Babeserako Plataformen Elkarteak (APAVT) egin du eskaera.
Elkarte horren arabera, herriko tabernen bitartez "ETA finantzatzen zen". Gauzak horrela, manifestazioaren "benetako" deitzaileak zeintzuk diren argitzea ezinbestekoa dela deritzote, "baliteke-eta legez kanpoko erakunde bat egotea atzean".
Manifestazioaren leloa Kulturari eta politikari aterik ez itxi, herriko tabernak libre eta zabalik izango da, eta auziaren aurka plazaratu duten adierazpenarekin 800 eragilek baino gehiagok bat egin dute; EH Bilduk, LABek eta ELAk, besteak beste.
101 lokal konfiskaturik
Duela hamahiru urte baino gehiago hasi zen herriko tabernen auzia, eta, Euskal Herriko 101 lokal konfiskatzeaz gain, "jardun politikoa egiteagatik epaituak" izan direla salatu zuten manifestazioaren deitzaileek. Horrelako ondasun "lapurretarik" frankismo garaitik ez dela ikusi adierazi zuten. "Sententzia honek gure herriko gatazkaren amaiera garaile eta galtzaile eskemara eraman nahi du".
Lokalak konfiskatzeko erabakia hartzeaz gain, Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioan hogei lagun zigortu zituen. Zortziri "ETAren fronte insituzionala" osatzea egotzi zien, eta inhabilitazio zigorra zehaztu zien.