'Herriko tabernen' auzian defentsaren lekukoen zerrenda hamarrera murriztu dute

2013ko urriaren 16a
15:21
Entzun

35/02 sumarioan auzipetutako lagunen kontrako epaiketa bihar hasiko da. Batasunako 36 ordezkari daude auzipetuta eta horiekin batera ehun herriko taberna baino gehiagoren ordezkari legalak ere bai. Defentsak 60 lekuko deitu zituen deklaratzera, baina Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, soilik hamarrek deklaratu ahal izango dute.

Iñigo Iruin eta Jone Gorizelaia abokatuek proposatu zuten zerrendan zeuden, besteak beste, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea, Xabier Arzalluz EAJko presidente ohia, Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Joseba Egibar EAJko GBBko burua, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Javier Madrazo Ezker Batuako koordinatzaile ohia eta Josep Lluis Carod-Rovira eta Joan Ridao ERCkoak.

Auzipetuak atxilotu zituzteneko giro politikoa zein zen azaldu zezaten nahi zuen defentsak horiek deklaratzea. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko bigarren epaitegiak, ordea, zerrenda "luzeegia" dela uste du. Azkenean lekukoak hamar izango dira, eta horien artean egongo dira Francisco Letamendia Ortzi eta Miguel Castells abokatuak, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, eta Paul Rios Lokarrikoa.

Auzipetuei 'herriko tabernen' bitartez ETA finantzatzea leporatzen diete, eta zortzi eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.