Euskal presoak

Herrira: «Denok irabazten hasteko inflexio unea izan behar da hau»

Herrira-ko kideek esan dute «nabarmen» geratu dela ez dela inorentzat onuragarria egungo espetxe politikari eusteaBaldak miresmen hitzak izan ditu «Josuren bizitzaren alde» egin duten guztientzat

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarriaren askatasuna, «azkenean», gauzatu izanak lasaitasuna eman die Herrira mugimenduko kideei. Hala adierazi dute Fran Balda eta Amaia Esnal bozeramaileek, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia baloratzeko agerraldian: «Nahiz eta ikuspegi ezberdinetatik izan, uste dugu ez garela horrela sentitzen garen bakarrak, nabarmen geratu baita egoera honek ez diola onurarik ekarri inori». Nabari zen lasaitasun hori beren adierazpenetan ere, baina gaineratu dute gertatuaz ikasi eta «denok irabazten hasteko inflexio unea» izan behar dela honakoa. Horretarako, ordea, beharrezko deritzote egungo espetxe politika gainditu eta «konponbide gakoetara» igarotzeari.

Bide horretan, hausnarketa egin eta gertatu denetik irakaspenak ateratzeko deia egin du Herrira-k, eta ohartarazi du inork ezin diola ihes egin ariketa horri. «Bakearen atarian aurkitzen garen honetan, Josurekin gertatu denak erakutsi digu gatazkaren zurrunbilotik atera gabe jarraitzen dugula», esan du Baldak. Harenarabera, oinarrizko eskubideak urratu eta preso eta senideen sufrimendua «muturrera» eramateak konfrontaziozko egoerak elikatzen ditu, eta, horrela, galarazi egiten zaio euskal gizarteari konponbidearen eta bakearen bidean aurrera egitea: «Gizarte honek behingoz bakea eskuratzeko premia du, eta merezi du. Hala adierazi du gehiengo nabarmenez, eta ezin da gertatu gobernuak izatea bide hori galarazten dutenak», gaineratu du.

Bide horretan, «arduraz» jokatzeko deia egin die Baldak gobernu, erakunde eta politikariei. «Haiek dute konponbideak sustatzeko ardura», esan du, eta gogoratu du horrek elkarrizketa, «zubiak eraikitzea» eta akordioak lortzea eskatzen dituela. Herrira-ko bozeramailearen esanetan, bakea eta konponbidea ezin dira «arerioa menperatzeko jarrerekin» jorratu, ez eta alderdi interesei men eginez ere.

Kontrara, Herrira-k bere miresmena adierazi die ia bi hilabetetan Uribetxebarriaren askatasuna aldarrikatu eta «haren bizitzaren alde» mobilizatu diren guztiei: «Espetxeetan gose greba luzeak egin dituztenei, opor lekua ospitale atariarekin aldatu dutenei, aulkia eskuan giza eskubideen aldeko martxa hasi zutenei, pentsamolde ezberdinen gainetik gaixo diren presoen eskubideen alde egin dutenei... Merezi izan duela esan dezakegu, Josu etxera bizirik itzuli baita».

Uribetxebarriaren kasua, ordea, «izozmendiaren punta» besterik ez dela argi utzi nahi izan dute Herrira-ko kideek. Izan ere, batetik, hamahiru dira oraindik gaixotasun larri eta sendaezinak izanik ere preso dauzkatenak. Bestalde, 66 presok dute ezarria 197/2006 doktrina —Herrira-k dioenez, «bizi guztiko zigorra» dakarrena—, eta sakabanaketak ere bere horretan dirau. Aurten hamaika istripu izan dituzte jada presoen senideek, espetxeetara bidean. Mikel Egibarren senideenak eragin zituen ondorio larrienak.

Bestalde, Uribetxebarria baldintzapean aske u aurretik iragarri bezala, Osakidetzako LAB sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute Donostia Ospitalean. «Oraindik gaixotasun larriak dituzten presoak badira espetxean, eta haiek askatzeko borrokan jarraituko dugu, osasun alorreko langile garen aldetik», esan du langileen ordezkari Mati Iturraldek. LABeko kideak gaineratu du Uribetxebarriaren «borrokarako gaitasunak eta indarrak» Euskal Herrian justizia eta eskubideen errespetua lortzeko bidea erakutsi diela. Iturraldek salatu du azken asteetan Uribetxebarriaren osasunari buruz esandakoak «adimenari eta Euskal Herriaren sentsibilitateari iseka» direla. Oraingoz, beraiena izan da Donostia Ospitaleko azkena, baina bihar bertan Euskal Herrian zehar izango dute jarraipena mobilizazioek.

Uribetxebarria, gertukoekin

Bien bitartean, Uribetxebarria indarrak hartzen ari dela jakinarazi dute Herrira mugimenduko kideek, erradioterapia saioa amaituta, bestelako tratamendu batekin jarraitu ahal izateko. Gipuzkoa eraikineko Onkologikoan jasoko du tratamendu hori, eta denbora pixka bat iraun dezakeela aurreikusten duten sendagileek. Atzo, berarekin egoteko aukera izan zuten, eta ahuldagoen arren, «umorez eta animoz indartsuago» dagoela jakinarazi du Baldak. Izan ere, senide eta gertukoekin trabarik gabe egon daiteke orain, lehenago ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.