euskal presoak

Herrira: "Gobernuan jarriak dira begirada guztiak, pauso baikorrak eman ditzan"

Mugimenduak larunbateko Goazen Plazara ekinaldiaren balorazioa egin du gaur Gasteizen. Haren arabera, ekimenak erakutsi du gehiengo zabalaren eskaria dela eskubideak errespetatzea eta kartzela politika bake prozesuari egokituz aldatzea. 

Berria.info
2012ko maiatzaren 22a
17:14
Entzun

Herrira mugimenduak balorazio baikorra egin du larunbatean euskal preso politikoen eskubideen alde antolatu zuen Goazen Plazara ekinaldiaren inguruan. Mugimenduaren datuen arabera, 30.000 lagunek Euskal Herriko 250 plaza baino gehiago bete zituzten; ekinaldia, ordea, ez zen Euskal Herrira mugatu: Katalunian, Londresen eta Argentinan ere "ehunka" lagun irten ziren kalera, presoen eskubideak aldarrikatzeko.

Atzo lehen balorazioa egin ondoren, beste azterketa bat plazaratu du gaur Herrira-k, Gasteizen goizean emandako prentsaurrekoan. Juan Ibarrondok, Itziar Rekaldek, Manu Ugartemendiak eta Nagore Garciak parte hartu dute. 

"Jendetza honen ahalegin kolektiboak, eta ekimen honetara batu den gehiengo sindikalak, politikagintzaren esparru aski zabal eta pluralak, mota guztietako elkarte eta eragileek ere nabarmen uzten dute presoen eskubideak errespetatzea eta kartzela politika bake prozesuari egokituz aldatzea eskari bat dela, gehiengo zabalak bere egiten duena", azaldu du Garciak. "Gobernuan jarriak direla begirada horiek guztiak, pauso baikorrak eman ditzan".

Herrira-k ekinaldian parte hartu zutenei eskerrak eman dizkie, eta gauzak alda daitezen "indarrak batzea" ezinbestekotzat jo du. 

Herriz herri balorazio bat egin ahal izateko, galdetegi bat prestatu dute, guztien iritziak jasotzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.