Euskal presoak

Herrira: «Josuren askatasuna berandu iritsi da, beranduegi»

Uribetxebarriaren kasuarekin denek «galdu» dutela azpimarratu du mugimenduak

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Joan den abuztuaren 30ean bezala, Madrilgo Auzitegi Nazionaletik heldu beharreko erabakiaren zain ziren, atzo, Donostiako Ospitalean bildutako herritarrak. Orduko hartan bezala, euripean. Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak baldintzapeko askatasuna onartu arren, ez zuten aske utzi Josu Uribetxebarria. Atzo, ehundik gora lagun izan ziren 17:00etatik aurrera Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak esango zuenaren zain.

Eta 20:00 aldera iritsi zen berria Madrildik. Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen Castro epailearen ebazpena. Abuztuaren 30ean gertatu bezala, bildutakoen artean hunkitutako jende asko zegoen, eta poza ere adierazi zuten, baina orduan baino apalago. Uribetxebarriaren osasun egoerak okerrera egin du, eta jendea ez zegoen ospakizun handietarako.

Epaia iritsi orduko, Herrira mugimenduko Jon Garai bozeramaileak hitza hartu zuen, ebazpena berandu, «beranduegi» iritsi dela salatzeko: «Josuren askatasuna berandu iritsi da, beranduegi. 2005. urtean aurkitu zioten lehen aldiz minbizia, baina orduan eginiko askatasun eskaera atzera bota zuten epaitegiek. Espetxean eduki zuten, jakitun horrek haren egoera okertu baino ez zuela egingo. Azkenean horrela izan da», adierazi zuen Garaik.

«Gaur, haren metastasia sendaezina da. Salbuespeneko espetxe politikak heriotzaren atariraino eraman du Josu», gaineratu zuen Herrira-ko bozeramaileak. Era berean, Uribetxebarriaren kasuan denek galdu dutela azpimarratu zuen: «Josuk galdu du, haren familiak eta inguruak. Baina gobernua bera ere galtzaile atera da, euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen aurka iraganeko politikak mantendu baititu, giza eskubideen erabat aurkakoak».

Preso arrasatearraren kasua «muturrera eramandako egoera izan da», gaineratu zuen Garaik. «Espetxe politika honek eragin dezakeen minaren adibide argia izan da», errepikatu zuen. «Gure aldetik, bizitzaren aldeko jarrera hartzeko gonbidapena hedatu nahi dugu gizartean, giza eskubideen aldekoa. Sufrimendu hau guztia amaitzeko lanean jarraituko dugu. Ziur gaude luze baino lehen lortuko dugula».

Ezker abertzalearentzat «berri pozgarria» izan da epaia, «eskubide urraketa lazgarri baten amaiera delako», baina «gogor salatu» du Espainiako Gobernuaren jarrera, «kinka larrian utzi dutelako Uribetxebarriaren bizitza», eta dei egin dio «espetxe politika konponbide prozesuaren aurkako tresna gisa erabiltzeari uzteko».

Epaia jakin bezain laster, PPk adierazi zuen ebazpena «gustatu edo ez» errespetatzen dutela, Uribetxebarriak «zigorra osorik betetzea» nahiko zuketen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.