Herrira mugimenduak dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kasu gehienetan euskal presoen kartzela zigorra luzatzearen alde egin izana "bakerako aukeren eta konponbide prozesuaren aurkakoa" dela.
Parot doktrinarekin lotutako 28 helegiteetatik hiru baino ez ditu onartu Konstituzionalak. Jose Mari Perez Txuri, Jose Ignacio Gaztañaga eta Juan Mari Igarataundiren helegiteak dira hiru horiek, eta presook aske geratuko dira. Auzitegi Nazionalak hiru presoak askatzeko agindua eman du eta, beraz, ondorengo orduetan askatuko dituzte.
"Gatazkaren ondorioak luzatzen dihardute Espainiako eta Frantziako gobernuek, konponbidean urratsik egin gabe", esan du Herrira-k. "Premia larria da euskal preso politikoen aurkako muturreko eskubide urraketak gainditzea".
Bihar Iruñean espetxe politikaren kontrako manifestazioa egingo dute, 17:30etik aurrera (Golem).
Aralar eta EA ere erabakiaren kontra
Aralar ere auzitegiaren erabakiaren aurka agertu da. "Ebazpenak bake prozesuaren aurka egiten du, zuzenean urratzen baititu Gernikako Akordioan eta Aieteko Adierazpenean egindako eskabideak". Araudia aldatzeko eskatu du. "Parot doktrina ez da eskubide urraketa bat bakarrik, modernitatearen aurkako jokabidea ere bada. Erro-errotik kode penala modernizatzea eskatzen dugu, arau demokratikoetara eramateko; horixe da arazo honi eman behar zaion soluzio politikoa".
Ikerne Badiola EAko komunikazio arduradunaren arabera, euskal presoekiko "injustizia berretsi" du Konstituzionalaren erabakiak. "ETAren jarduera [armatua] behin betiko bukatu ostean, ETAko presoen kolektiboarekiko salbuespen neurriak erabat justifikaezinak dira", eta neurriok bukatzea galdegin du.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek gaur arratsaldean prentsaurrekoa emango dute, Donostian.