Herrira mugimendua jaio da, "herrikoia eta irekia" . Hala nabarmendu zuten atzo Donostian, mugimenduaren aurkezpenean. Preso eta iheslariak etxeratzeko xedearekin sortu dute Herrira; horrekin batera, "eragile guztiekin harremanak izateko" ere jaio da. Fran Baldak, Garbiñe Erasok eta Nagore Garciak eman zuten mugimenduaren asmoen berri.
"Modu arduratsuan jokatu nahi dugu, herritarren gehiengoarekin harremana ezartzeko dinamika bat antolatu, eta eskaera honen inguruan konbentzituta ez daudenak bihar konbentzituta egon daitezen lan egin". Horretarako, parte hartzea sustatu nahi dute. Nazioartean ere lan egingo dutela gaineratu zuten.
Mugimenduak hainbat helburu ditu: euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, iheslariei "prozesu demokratikoan" parte hartzeko aukera irekitzea eta preso eta iheslari guztiak etxeratzea.