Herrira mugimenduaren aurkako epaiketa bere kontra egindakoa dela uste du EPPK-k, eta justu une honetan egin izana salatu du: “Madriletik Langraizeko damutze iruzur-bidean etsiarazi nahi gaituzte. EPPK-ren ildo politikoan eragin asmo dute, hausnarketa zabala aurrera daramagunean eta ondorioak plazaratzeko tenorean gaudenean”.
Gainera, presoen kolektiboak gogor egin du EAJren kontra: “Ezin albora utzi, EAJk jokatutako papera. Lehenik, Guardia Zibilaren komandoei lana errazteko Ertzaintzari agindua emanez. Txapelokerren aurrean herri ordezkariari burua irekiz, ikusi nahi ez duenarentzat irudi argigarria. Bigarren, erantzun instituzional bateratua eskaini du erdigune puntura mugitzeko. Hirugarren, diskurtso zaharkitu eta pozoitua abiatu du Urkullu eta Atutxaren ahotatik”.