Herrira-ren urtarrileko mobilizazioak lehenbiziko ekarpenak jaso ditu

Sarrionandiaren poema eta Iturriagak egindako kartela aurkeztu dituzte, baita 'Herrira noa' kultur egitasmoa ere

Esnal, Zabala, Barandiaran eta Iturriaga, atzo, Herrira-k egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Urtarrilarren 12an preso eta iheslarien eskubideen alde egingo den «manifestazio erraldoiak» jaso dituen lehen ekarpenak aurkeztu zituen atzo Herrira mugimenduak, Bilbon.

Duela pare bat aste luzatu zuen Herrira-k urtarrileko mobilizazioaren deialdia, eta, aurkezpenean azaldu bezala, jadanik hainbat herritar, eragile, sektore, profesional eta gizabanakoren ekarpenak jasotzen ari da. Unai Iturriaga bertsolariak mobilizaziorako egindako kartela eta Joseba Sarrionandiak sortutako poema izan dira aurkeztu dituzten lehen ekarpenak. Halaber, Gotzon Barandiaran idazleak diseinatutako Herrira Noa kultur egitasmoaren berri ere eman dute.

Izaera parte-hartzaileko kanpaina aldarrikatu du Amaia Esnal Herrira-ko kideak. Herritar bakoitzaren ekarpenarekin Bilboko kaleetan «ahalik eta mobilizazio handiena eta eragingarriena» egin nahi dute. Konponbideari eta giza eskubideei «itxita» jarraitzen duten gobernuei aurre egiteko, protagonista nagusiak herritarrek izan behar dutela nabarmendu du Esnalek: «Egin dezagun denon artean olatu erraldoi bat».

Kanpainaren oinarrietako bat Sarrionandiak beren-beregi egun horretarako idatzi duen poema izango da, Lainoa nahinora doa, baina gu, gu herrira goaz.

Olerki horretan oinarrituta,manifestazioaren irudia diseinatu du Unai Iturriagak. «Egoera ez da mila kolorez margozteko ideia ematen duena; hala ere, irudiak esperantza eta baikortasuna transmiti zezan saiatu naiz». Askoren buruan dagoen euskal preso eta iheslarien etorrera sinbolizatzen du Iturriagaren irudiak.

Bestalde, Gotzon Barandiaranek Herrira noa ekimen kulturala antolatu du, mobilizazioaren karira. «Euskaldunok, kartzelarekin eta erbestearekin izan dugun harreman historikoa kontatzeko eta kantatzeko». Euskal preso eta iheslariek espetxean edo deserrian sortu dituzten obrak izango ditu ardatz ekimenak. Kartzelan edo erbestean bizitakoei doinua eta hitzak jarriz. Lau emanaldi egingo dira azaroaren 18 eta urtarrilaren 6 artean; Berriozarren, Gasteizen, Villabonan eta Gernikan. Karteletan ez dute iragarriko nork hartuko duen parte emanaldietan, hala ere, Barandiaranek aurreratu du euskal idazle eta musikari «oso ezagunak» izango direla.

Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak jarri dio doinua Sarrionandiaren poemari. Hainbat lagunen kolaborazioa jaso du; Uxue Alberdi, Juan Mari Beltran, Ines Osinaga edota Pettirena, besteak beste. Datozen egunotan egongo da entzungai abestia.

Azaroaren 13an, jakinaraziko dute zein izango den mobilizazioaren leloa. Spot bat ere ari dira prestatzen.

Preso kurduak gogoan

Esnalek elkartasuna adierazi die Turkiako espetxeetan gose greban dirauten preso kurduei. Espero dugu Kurdistanentzat ere, Euskal Herriarentzat bezala, giza eskubideetan oinarritutako aldaketa izan dadin, eta konponbideari eta bakeari bidea irekitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.