«Gatazka eta mendekuan iltzatutako politikak» bere horretan jarraitzen duela salatu du Herrira mugimenduak. Horixe erakutsi duela, argi, Josu Uribetxebarria preso ohiaren auziak; oso gaixotasun larria izan arren bere egoera muturreraino eraman izanak. 69 aulki huts atzean zituela, Roberto Noval Herrira-ko kideak adierazi du halako jarrerek sufrimendua besterik ez dakartela. 197/2006 doktrina ezarrita espetxealdia luzatu dieten preso bakoitzeko eserleku bat zuen atzean, aulki bakoitzak preso horietako baten izena duela.
Estrasburgoko Auzitegiak horien eskubideak urratzen ari direla esana duela gogoratu du Novalek, eta berehala aska ditzatela eskatu. Baita gaixotasun larriak jota dauden hamahiru presoak kaleratzeko eta sakabanaketa politika amaitzeko ere.
Egoera behingoagatik aldarazteko, matxinatzeko deia egin du: «errebelatzeko garaia da; garaipen kolektibo erraldoiak eraikitzen hasteko unea». Izan ere, egungo espetxe politika amaitzeak konponbidera hurbilduko duela uste du Herrira-ko kideak. «Eta, bake egoera batean guztiok irabaziko dugu». Presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia egin du, beraz, eta Baionan azaroaren 10ean egingo den manifestaziora joatekoa bereziki.
Hileko azken ostiraletako mobilizazioen harira egin ditu adierazpenok Novalek, Bilbon. Bizkaiko hiriburuan ez ezik, besteak beste, herri hauetan ere egin dituzte mobilizazioak: Adunan (8 pertsona elkartu dira), Alegian (17), Anoetan (70), Amezketan (20), Azpeitian (175), Berastegin (49), Berrobin (7), Deban (70), Gaztelun (24), Getarian (70), Ibarran (55), Leaburu-Txaraman (15), Lezon (35), Lizartzan (55), Oiartzunen (150), Pasai Donibanen (28), Tolosan (55), Usurbilen (160), Zaldibian (113), Zarautzen (191), Zizurkilen (45), Zumaian (82), Abadiñon (86), Bakion (50), Ermuan (35), Zeberion (46), Agurainen (60), Amurrion (55), Aramaion (30), Gasteizen (807), Zaratamon (22), Zuian (60), Berriozarren (55), Leitzan (60), Lesakan (42), Donapaleun (10), Donibane Lohizunen (40), Donibane Garazin (51), Hendaian (40), Kanbon (20), Larresoron (26), Miarritzen (60), Saran (10), Senperen (31), Urruñan (31) eta Uztaritzen (20).
Espetxeetako gertakariak
Bestalde, espetxeetan irailean izandako gertakarien berri eman du Etxerat-ek, hilero kaleratzen duen txostenean. Hala, irailaren 15ean Elorrioko Txomin Lesende presoaren senideek izandako auto istripua ekarri du gogora. Badajozko espetxera bisitan zihoazela autoaren kontrola galdu, autobidearen kontrako bidea gurutzatu eta lubeta baten mugan gelditu ziren presoaren senideak —tartean 4 urteko haur bat—. Onik atera ziren istriputik, eta espetxera iristea lortu zuten. 2012. urtean sakabanaketa politikak eragindako hamabigarren auto istripua izan da.
Halaber, Etxerat-ek jakinarazi duenez, hamalau euskal presok jarraitzen dute bakartuta: Txus Martin (Zaballa), Gotzone Lopez de Luzuriaga (Martutene), Jose Angel Biguri (Martutene), Oscar Zelarain (Alcala Meco), Sara Majarenas (Leon), Dani Pastor (Puerto III), Manex Castro (Puerto III), Ibai Peña (Soto del Real), Jean Marie Saint Pee (Mont de Marsan), Juan Carlos Estevez (Marseilles), Marian Aramendi (Joux la Ville), Julen Eizagirre (Joux la Ville), Mattin Olzomendi (Uzerche) eta Oier Gomez (Moulins).
Horren harira, Kordobako espetxean izandako gertakari baten berri eman du Etxerat-ek. Oskar Calabozo, Jose Mari Etxeberria Goierri eta Jon Urretabizkaia bakartuta dauzkate, haiek zeuden moduluan aurretik beste euskal preso batzuei eraso zien preso sozial bat jarri izana salatzega-tik.
Bestelako gertaera batzuen berri ere eman du Etxerat-ek. Hala, A Lamako espetxean elikadurak okerrera egin duela salatu du, eta euskal presoei kiroldegira joateko aukera kendu dietela.
Estremeran, irailaren 15ean, Jon Gonzalez bisitatzera joan ziren lagunei automobila apurtu zitzaien eta ezin izan zuten bisita egin. Logroñon, abuztuaren 31n, Gari Paskual ziegara sartzera zihoala, tirabira bat izan zuen funtzionarioekin, eta hiru egunez bakartuta eduki zuten. Puerto Ien, elikadurak «okerrera» egin du, eta irailaren 15-16ko asteburuan miaketa integrala egin zieten bost presori, «Madrilen agindua» zela argudiatuta. Puerto IIIn, funtzionario batekin arazoak izan dituzte: ziegetako liburuak murriztu dizkiete, aurrez aurreko bisiten ordutegia zorroztu eta demandaderoan eros ditzaketen gauzak murriztu. Sorian, Iñaki Loizagak ez du bisitetarako lagunen zerrenda jaso ekainetik, «Madrilen arazoa» dela argudiatuta. Topasen, irailaren 16an, Unai Hernandezen lagun bati komunikazioa moztu zioten, «segurtasun arrazoiak» zirela eta. Fleuryn, irailaren 1ean, Iurgi Mendinueta presoaren senideei ez zieten utzi bisita egiten, 10 minutuz atzeratzeagatik. Liancourten, telefono deiak onartu dizkiete behin-behineko egoeran dauden euskal presoei. Eta Mexikon, abuztuaren 28an, auzitegi batek legez kanpokotzat jo zuen 2011ko maiatzean Luis Miguel Ipiña euskal iheslariaren atxiloketan egindako miaketa. Behin-behinean daukate preso Ipiña.
Bestalde, bi lagun espetxeratu dituzte irailean: Imanol Gonzalez eta Jon Igor Urresti. Eta lau kaleratu: Xabier Atristrain (baldintzapean), Arturo Villanueva (euroagindu epaiketaren zain) eta Peio Alcantarilla eta Iñaki Rego.
Lekualdatze bat ere egon da: Juan Carlos Estevez Toulongo espetxetik Marseilleskora eraman dute. Eta, diligentziak egiteko, beste bost euskal preso aldatu dituzte espetxez.
Herrira-ren ustez, garaia da espetxe politikaren kontra «matxinatzeko»
Urraketak amaitzea konponbiderako urratsa litzatekeela esan du, hileko azken ostiraleko protesten harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu