euskal presoak

Herrirak Nafarroako presoen sakabanaketa salatu du

Nafarroako hiru preso politikotatik bat etxetik 900 km-tik gora betetzen ari da bere zigorra, mugimenduak kaleratu duen txosten baten arabera.

2012ko martxoaren 7a
17:27
Entzun

Herrira mugimenduak Nafarroako presoak jasaten ari diren sakabanaketaren eraginak biltzen dituen txosten bat kaleratu du, martxoak 16an Nafarroako Parlamentuan sakabanaketari buruzko lan bilkura batean parte hartu ondoren.

Txosten horretan jaso dituzten datuen arabera, kartzelan dauden Nafarroako presoen %31 900 km baino urrutiago dago, %44 700 km-tik haratago, eta %66 500 km baino urrunago.

"Lau preso nafarrek gaixotasun larriak dituzte, eta lehenbailehen askatu beharko lituzkete", azaldu du Herrirak. Horrekin batera, zazpi presok zigor osoa beteta preso segitzen dutela salatu dute, Auzitegi Gorenaren 197/2006 Doktrinaren ondorioz. 10 presok zigorraren 3/4 bete dituztela gaineratu dute (edo 2/3), baina ez zaiela aplikatzen baldintzapeko askatasuna.

Bakartze-moduluetan hamar preso daudela azaldu dute, eta bat, Mikel Almandoz, "bakarrik" dagoela, Tarascon-eko kartzelan.

Herrirak euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien "salbuespen-neurriekin bukatzea" eskatu du. "Oso larria iruditzen zaigu gobernuek ezezkoa izatea hitz bakarra, presoen eta haien senitartekoen osasunarekin eta biziarekin jolastea".

Martxoaren 31n Iruñean egingo dute elkarretaratzea, "egiazko urratsak" egin ditzatela eskatzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea "lehentasuneko gaia" izan dadila eskatzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.