"Berdintasun ekintza bat da. Ez da merkealdiko ezkontza bat, ez da trikimailu bat. Ezkontza bat da bere esanahi sinboliko guztiarekin, eta ordena publikoko bere osagai guztiekin", adierazi du Christiane Taubira Justizia ministroak sexu berekoak ezkontzeko gobernuaren lege erreforma Asanblea Nazionalean aurkeztu duenean. Taubirak gogor salatu du gai honen inguruan esaten ari diren "gezurrak". Izan ere, aita eta ama hitzak desagerraraziko dituela leporatu diote gobernuari eskuineko eta Elizako sektoreek. "Hipokresiaz ari dira familia homosexual horiek ikusteari uko egiten diotenak, eta berekoikeriaz dihardute uste dutenak Errepublikaren instituzio bat herritar batzuentzat bakarrik izan daitekeela". Izan ere, horretan zentratu du ministroak bere saioa, berdintasun printzipioan oinarrituta ari dela gobernua egitasmo hau aurrera eramaten: "Ezkontzeko aukera sexu berekoei irekitzeak oso ondo islatzen du Errepublikaren printzipio bat: elkarrekin hautatzeko eta elkarrekin bizitzeko askatasuna, eta familia guztien berdintasuna". Taubiraren hizketaldia gogoz txalotu dute ezkerreko diputatuek gaur arratsaldean.
Eztabaida oso bizi joan da Frantziako Parlamentuan. Izan ere, UMPko diputatuek eta Front Nationaleko ultraeskuindarrek gogor jo dute gobernuaren aurka. Thierry Mariani UMPko ordezkariak erreferendum bat eskatu dio François Hollanderi gai honen inguruan. "Ez da ohiko lege bat, baizik eta gizartea aldatuko duen eta atzera bueltarik izango ez duen lege bat", ohartarazi du. Patrick Balkany alderdi bereko diputatuak gobernuari jendearen arreta lausotzea leporatu dio gai honekin. Izan ere, bere ustez, herritarrak benetan kezkatzen dituena langabezia baita.
Gobernu sozialistaren egitasmo honek ikamika handia eragin du azken asteotan Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Urtarrilean bertan manifestazio oso jendetsuak egin dituzte sexu berekoen ezkontzen aldekoek eta kontrakoek Parisen. Eztabaidak bi aste iraungo du Asanblea Nazionalean, eta otsailaren 10ean amaitzea espero da. Bi egun geroago, otsailaren 12an, lege proiektua bozkatuko dute. Ondoren, Frantziako Senatura bidaliko dute egitasmoa, eta udaberrian bozkatuko dute. Han onartuko balitz jarriko da indarrean lege berria.