Herritar guztiak, «ikastola osatzen dutenak, euskaltzaleak, eta baita euskaraz ez dakitenak ere» 2012ko Kilometroetan parte hartzera deitu dituzte denak jaialdiaren antolatzaileek. Herritarrak «aktibatu» nahi dituzte, guztiek Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdian parte har dezaten. Horretarako, asmo horri egokitutako logotipoa egin dute: gailuak pizteko sakatu ohi den on botoia euskarazko ON egin leloarekin nahastuta.
Datorren urteko Kilometroetako sustatzaileek atzo ezagutarazi zuten irudia eta leloa, Ikastolen Elkarteak Donostian duenegoitzan. Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolari egokitu zaio 2012ko jaialdia antolatzea, urriaren 7an. Ikastolako lehendakari Arantxa Irigorasek, zuzendari Izaskun Linazasorok, datorren urteko jaialdiaren koordinatzaile Arkaitz Lasak eta Kilometroak Kultur Elkarteko Arantxa Manterolak aurkeztu zituzten irudia eta mezua.
Lasaren arabera, hainbat helburu biltzen ditu atzo aurkeztutako irudiak: «Kilometroak jaia denon parte hartzearekin egin dadin, herritarrak aktibatu nahi ditugu, herritarrek on egitea nahi dugu». Horretarako, pizteko botoia erabili dute, «gaurko eta etorkizuneko izaerarekin bat eginez, IKT komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabilera azpimarratuz». Irudian, n hizkiari uhin ugari erantsi dizkiote, eta horrek ere badu bere esanahia: «Herritar guztiengana iritsi nahi dugu». Hartara, ON egin leloari zentzu bikoitza eman nahi izan diote sustatzaileek: herritarrak aktibatzea, batetik, eta «guztion artean eginikoa eta guztiona den jai hau denoi atsegin handiz eskaintzea», bestetik. Publizitate enpresa batek ekoitzi du irudia, baina zabaldu nahi duten mezua ikastolan bertan sortutako ideia izan dela azaldu du Irigorasek.
Ikasle kopuruak, gora
817 ikasle ditu Aita Larramendi ikastolak 2011-2012ko ikasturtean, hau da, matrikulazio plaza guztiak beteta dauzka. Bi eraikin ditu ikastetxeak, baina txiki geratu zaizkie, ikasle kopuruak gora egin duelako. Hortaz, Txistoki eraikina handitu eta zortzi gela egiteko baliatuko dituzte Kilometroetan eskuratutako etekinak. Gainera, jaialdiaren bidez, «euskara eta euskal kulturaren inguruko jarduerak biziberritzea, herrian eta ibarran ikastolen mugimenduaren erreferentzia indartzea eta herritarrek festa bere sentitzea» nahi dute sustatzaileek.
Ikastola 1963an sortu zuten, eta beste hainbaten antzera, klandestinitatean egin zituen lehen urratsak. 1973an legeztatu zuten, eta elkarte izaera hartu zuen. Urteetan eraikin bakarra izan zuten —Bazkardo gunekoa—, eta ondoren bi izan zituzten —Txistoki pasealekuan bigarrena—. 1990. urtean, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak Aita Larramendi eta Urnietako (Gipuzkoa) Egape ikastolak proposatu zituen urte hartako Kilometroak antolatzeko, baina jaialdiaren egunean izandako euriteak —udazken hartako egunik euritsuena izan zen— apaldu egin zituzten bertaratutako herritar kopurua eta bildutako etekinak. Bazkardoko eraikinean eskolaurreko gelak egin zituzten orduko jaialdiari esker. 2003an kooperatiba izaera hartu zuen, eta euskaran eta euskal kulturan erreferente izateko asmoa du.
Arratsaldean, jaialdiaren aurkezpen ekitaldia egin zuten Andoaingo Allurralde kiroldegian. Han, 2012ko jaiaren irudia eta leloa aurkeztu zituzten, eta diseinatutako arropa ere erakutsi zuten. Ehun bat lagunek hartu zuten parte, eta herriko kale nagusian zehar kalejira egin zuten ekitaldia baino lehenago. Bestalde, Lasak jakinarazi zuen gaur irekiko dutela Andoainen 2012ko Kilometroetako jantziak saltzeko egokitu duten denda.
Herritarrak euskararen alde «piztea» izango dute xede 2012ko Kilometroek
Andoaingo Aita Larramendi ikastolak antolatuko du jaialdia, eta 'On egin' lelopean egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu