Petronor

Herritarrei zabalduriko parte-hartze gune bat sortzea proposatu du Arartekoak

Petronorren jarduera eta enpresa horrek 2014an izandako isuriak eztabaidagai izan dituzte Gasteizko Legebiltzarrean. Arartekoak gaiaren inguruko txostena aurkeztu du, eta hainbat proposamen egin ditu aire kutsaduraren, zaraten, usain txarren eta informazio eta parte hartzeen arloetan. 

Muskizen Petronorrek duen plantako tximinia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko otsailaren 18a
13:39
Entzun

Herritarren salaketak bideratzeko eta informazioa emateko orain arte jarritako bideak onetsi baditu ere, berriro proposatu du Arartekoak Petronorren inguruan parte hartzerako eta informaziorako gune bat sortzea, herritarrei eta ingurumen arloan lan egiten duten elkarteei irekia. Proposamena ez da berria, 2012an egindako txostenean antzeko zerbait proposatu baitzuen, orain arte gauzatu ez bada ere.

Herritarren kexa eta informazio eskaerei administrazioak sarritan berandu eta epez kanpo erantzuten diela ere esan du Arartekoak, eta hori gertatzen denean administrazioak ez duela atzerapen horien inguruko argibiderik ematen, beharko lukeen moduan. Petronorren noizbehinka iragarri gabeko ikuskapenak egitea ere proposatu du.

Osasun Saileko Bizkaiko Ingurumen Osasuneko Unitatearen arduradun Conchi Onaindiak eta Osasun Publiko eta Mendetasun zuzendari Miren Dorronsorok ere parte hartu dute agerraldian. Eman dituzten datuen arabera, Petronorrek ez du Ezkerralde eta Enkarterriko biztanleen osasunean eraginik, hilkortasun tasak, arnasbideetako gaixotasun kopuruak, minbiziak eta beste zenbait adierazle Bizkaiko eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko batez bestekoen parekoak direlako. EH Bilduko parlamentari Dani Maeztuk ez ditu datu horiek zalantzan jarri, baina beste batzuk eman ditu, Abanto-Zierbena eta Muskizkoak, askoz okerragoak, eta galdetu du ea Petronorrek eragin ditzakeen kalteak ez ote diren lausoturik gelditzen datuak, herrika hartu beharrean, eskualde mailan aurkeztuta.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.