Euskara

Herritarrek euskara hutsez egin ahal izango dute Gipuzkoako Aldundiarekin

Errenta aitorpenaren kanpaina baliatuz, diputazioarekin harremana euskara hutsez izan nahi dutenen errolda egiten hasiko diraEgitasmoaren helburua da euskaldunek dituzten hizkuntz eskubideak betetzea

ainara arratibel gascon
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Egin nahi duguna PSE-EEk eta PPk leporatzen digutenaren justu kontrakoa da. Guk ez dugu inor baztertu nahi, baizik eta gurekin harremana euskara hutsez izan nahi dutenei horretarako aukera eman. Egun, kasu askotan, hori ez da posible, eta, alde horretatik, euskaldunak daude baztertuta. Hau ez da gazteleraz hitz egiten dutenen aurkako mehatxu bat». Zigor Etxeburuaren hitzak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariarenak. Aldundiarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten norbanako, erakunde publiko eta enpresen errolda osatzeko egitasmoak aurrera jarraitzen duela azaldu du. Errenta aitorpenaren kanpaina aprobetxatuz hasiko dira errolda hori osatzen. «Beldurrak, kezkak eta zalantzak» alde batera uzteko eskatu die Etxeburuak herritarrei. «Egunerokoan euskaraz bizi nahi dutenek eman dezatela pausoa. Guk erraztasun guztiak emango dizkiegu». Euskararen normalizaziorako halako ekinaldiek duten garrantzia nabarmendu du. «Euskara prestigiatzeko balio dute, eta lehentasuna emateko».

Egitasmoari buruzko argibideak emango ditu gaur batzar nagusietan Etxeburuak. PSE-EEk eskatuta egingo du agerraldia. Errolda egungo foru gobernuak egingo duen arren, Etxeburuak gogorarazi du aurreko gobernuak onartutako hizkuntz ofizialen erabilera arautzeko dekretuan jasotzen zela egitasmoa. «Gure asmoa ere hori egitea zen, eta, horregatik, aurrera eramango dugu egitasmoa». Beste eremu batzuetan ere hori egitea eragin nahi dute. «Ea justizian eta lan munduan, adibidez, urratsak egiten dituzten bide horretan».

Errenta aitorpenaren kanpaina baliatuko dute errolda egiteko. Beraz, Ogasun Departamentuarekin landuko du Euskara Zuzendaritzak errolda egiteko lehen fase hori. «Errentaren kanpainarekin 400.000 gipuzkoarrengana iristea lortzen du aldundiak, eta kolpe batean jende askoren erantzuna jasotzeko modua emango digu». Zergadunei Ogasunarekin harremana euskaraz izan nahi duten galdetuko diete, eta aldundiak erantzun hori aprobetxatuko du beste sailetara ere zabaltzeko. Azken batean, aldundiarekin dituzten harreman guztiak euskaraz izateko. «Betiere herritarrei baimena eskatuta eta Datuen Babeserako Legea errespetatuta egingo dugu».

Bi zailtasun izango dituzte errolda osatzeko orduan, Etxeburuak azaldu duenez. Batetik, informazio hori integratzeko egokitzapen informatikoak egin beharko dituzte departamentuetako datu baseetan. Bestetik, errenta aitorpena egiteko aurrelikidazio eredua aukeratzen dutenen kasuan, ezingo dute bermatu erantzuna ematen duena zergaduna ote den. «Askotan, aurrelikidazoa zergadunaren senide batek egiten du. Beraz, ezin dugu bermatu erantzuna hark ematen duenik». 240.000 gipuzkoar inguruk aukeratzen dute aurrelikidazio eredua errenta aitorpena egiteko. «Horiei eskatuko diegu harremana euskara hutsez nahi badute bertaratzeko Ogasun Departamentuaren bulego batera eta han egiteko eskaria. Dena den, saiatuko gara etorkizunera begira aurrelikidazioaren aukera hobetzen, eredu hori sustatu nahi baitu aldundiak». Errenta aitorpenera itxaron gabe, herritarrek egin dezakete jadanik errolda horretan sartzeko eskaria.

Behin baietza jasota, datu baseetan aldaketak egingo dituzte, euskara hutsezko harremana hasteko. «Apur bat kostako zaigu egokitzapen horiek egitea, baina espero dugu uda osterako dena egokitua izatea», azaldu du Etxeburuak.

Herritarrei ez ezik, erakundeei ere dei egin diete aldundiarekin harremana euskara hutsez izatera. «Eredu izan daitezela, eta, bide batez, anima ditzatela herritarrak urratsa egitera».

Aurreikuspenik ez

Ez dute aurreikuspenik egin, baina herritarren erdiek harremana euskaraz izatea eskatuko balute emaitza oso ona izango litzatekeela iritzi dio Etxeburuak. Pausoa emateko eskatu die. «Badakit egunerokoan euskaraz bizi arren batzuek nahiago dutela halako harremanak gaztelaniaz izan. Baina beldurrak eta usteak alde batera uzteko eskatuko nieke. Dituzten zalantza guztiak argitzen lagunduko diegu. Gainera, askotan gaztelaniaz ere kosta egiten zaizkie halako harremanak. Beraz, egin dezatela euskaraz».

Egitasmoak euskararen normalizazioa sustatzen lagunduko duela ziur da Etxeburua. «Beste esparru guztietan bezala, egin ahala ohitzen joango da jendea. Beraz, administrazioan erabiltzen den terminologia ez zaie egingo horren arrotza. Pixkanaka, gainera, terminologia ere garatzen eta ulergarriago egiten joango da. Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman dira alor horretan. Bidea ekinez egiten da, eta horretan jarraitu behar dugu».

Jasotako kritikei ere erantzun die Etxeburuak. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEko eta PPko bozeramaileen arabera, ekimena «baztertzailea» da, eta gaztelera hitz egiten dutenak zigortzea baino ez du helburu. «PSE-EEk, batez ere, oso gogor egin du egitasmoaren kontra, eta uste dugu oso joko arriskutsuan sartzen ari dela. Izan ere, bazka ematen ari zaio euskararen aurka dagoen jende multzo bakan horri».

Gainera, argi utzi du erroldaren atzean ez dagoela beste inolako asmorik. «Helburua bakarra da: herritarrek administrazioarekin euskarazko harremana izateko duten eskubidea bermatzea. Hori besterik ez».

Etxeburuak gogorarazi du azken urteetan atzerapausoak eman direla arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak hartutako hainbat neurriren ondorioz. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten du neurriak kontrako noranzkoan hartzea. «Herritarrei aukerak eta erraztasunak eman behar dizkiegu egunerokoan euskaraz bizitzeko. Erakunde publikoek dugun ardura bat da hori».

Etxeburuak argi du zein den etorkizunerako gakoa. «Euskarari lehentasuna eman behar zaio, bestela ezinezkoa izango da beste bi hizkuntza ofizialen mailara iristea. Are gehiago, kosta egingo zaio bizirik irautea». Genero berdintasuna sustatzeko politikak jarri ditu egin beharrekoaren adibide gisa. «Genero arteko parekidetasuna lortzeko, emakumeei lehentasuna ematen zaie hainbat esparrutan. Ikusgarri izatea sustatzen da. Berdin egin behar da euskararekin. Genero gaietan hori egitea ez du inork zalantzan jartzen, baina euskara kontuekin egitea bai. Hori da kezkagarriena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.