Herritarrek hondakindegiko lanen hastea trabatu dute

Sarrikotapean lanak hasi nahi zituen Bil ta Garbi sindikatuak atzo, baina herritarrek bideak oztopatu dizkiote

Sarrikotapeko herritarrak kamioien bidea oztopatzen, atzo. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Sarrikotapea
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bil ta Garbi sindikatuak hondakindegi bat egiteko Sarrikotapea hautatu zuenetik, 2006. urtean, herritar anitz altxatu ziren xedearen kontra. Sindikatuak lanak hasteko atzo igorri zuen lehen kamioiak ezin izan du lur eremura iritsi, herritarrek bidea oztopatzen ziotelako.

2006an hasirik, gatazka ez da bukatzeko bidean. Bil ta Garbiko lehendakariordeak, Dominique Boscqek, argi erran du: «Dena den, hondakindegia eginen da»; baina parekoek, Sarrikotapeko Terre Verte elkartekoek, tinko atxikitzen dute kontrako jarrera. Iragan ostegunetik txandakatzen ari dira hondakindegia egin nahi duten gunera doazen hiru bideak oztopatzeko.

Atzo iritsi zen Bil ta Garbiko lehen autoa, eta ez zioten pasatzen utzi. Ondotik pala mekaniko bat zeraman kamioia ere heldu zen, baina Maulera joan behar izan zuen, bidea noiz irekiko zain.

Egoera hori ikusirik, Dominique Boscq sindikatuko lehendakariordeak jakinarazi zuen, atzo bertan, bi kexa ezarriko dituela Mauleko polizia etxean: «Bat, bide komunala oztopatzeagatik. Bidearen kudeaketa Bil ta Garbiren esku utzi zuen prefetak, baina hori gabe ere ezin lukete bide hori oztopatu». Bigarrena, berriz, sindikatua jabetu «lur eremu pribatuetara joatera oztopatzeagatik» ezarriko duela iragarri du Boscqek.

Auzitegiko erantzunaren zain

Terre Verte elkarteak herritarren zati handi bat bereganatu zuen hondakindegiaren kontrako borrokan. 2008an, elkarteko kide Laurent Etxeberri hautatu zuten auzapez. Ez zen, beraz, harritzekoa bide oztopatzeetan auzapeza bera eta herriko etxeko hainbat kide egotea. Izan Terre Verte zein herriko etxea, biek hainbat prozedura hasi dituzte auzitegietan, Bil ta Garbiren xedea oztopatzeko.

Atzoko mobilizazioan, bereziki bi argudio aipatzen zituzten: eraikitzeko baimen eskaeraren kontrako helegitea lehena, ustiatzeko baimen eskaeraren kontrakoa bigarrena. Terre Verte elkarteko Jean-Bernard Serbiellen erranetan, agorrilaren 9an jakinen da eraikitzeko baimen eskaera onartua izanen den ala ez. «Ustiapen eskaeraz, berriz, erabakia jadanik bost aldiz gibelatua izan da, sekula ez zen horrelakorik ikusi», Serbiellen arabera.

Bil ta Garbik behin eta berriz erran du xedea burura eramanen duela. Atzo hori errepikatu zuen Dominique Boscqek: «Eraikitzeko baimena ukatua ez deno, edo geldiarazia ez deno, gure eskubidea da lanen hastea. Bideak zabaltzea ere egin dezakegu, horretarako ez dugu eraikitze baimen beharrik». Urrunago ere joan da Bil ta Garbiko ordezkaria, ez baitu baztertu indarra erabilia izan daitekeela bideak irekitzeko. Hondakindegia 2013an bukatua izanen dela iragarria du Bil ta Garbik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.