Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik zazpik (%68k) uste dute Espainiako Gobernuak ETArekin negoziazio berriak hasi beharko lituzkeela. ETAk su-eten iraunkorra bertan behera uzteari buruz eta horren atzetik sortu den egoera politikoari buruz EAEko biztanleek duten iritzia bildu du Eusko Jaurlaritzak inkesta batean. Hilaren 5etik 6ra bitartean 600 herritarrei telefonoz egindako galdeketaren emaitzak atzo plazaratu zituen Lehendakaritzak. Galdeketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren gehiengoek iritzi diote etorkizunera begira Espainiako Gobernuak ETArekin berriz hitz egiten saiatu beharko lukeela, eta %14 soilik daude erakunde armatuarekin atzera hitz egitearen aurka.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 1999ko abenduko inkestanETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketak berreskuratzearen aldekoak orain baino askoz gehiago ziren. Garai hartan, ETAk su-etena hautsi zuen, eta orduan inkestatuen %90ek uste zuten elkarrizketak berriz abiatu behar zirela.
Bestalde, biztanleen erdiak baino gehiagok (%61ek) adierazi dute espero zutela ETAk su-etena apurtzea, eta, beraz, ez dituela ezustean harrapatu erakunde armatuaren iragarpenak.%29rentzat, berriz, ezusteko albistea izan da erakunde armatuak hartutako erabakia. Hala ere, meniaren hausturaren aurrean herritarrek nagusiki sentitu dutena «kezka» (%48) eta «etsipena» (%40) izan da. Dena den, inkestaren arabera, abenduan Barajasen egindako atentatuaren ostean ere sentipen horiek nagusi ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren artean.
ALDERDIEN ELKARRIZKETAK. Herritarrek bake itxaropenari eusten diotela islatu du Jaurlaritzako inkestak. Izan ere, bake prozesu berria abiatzeko alderdi politiko guztiek elkarrizketa bultzatu beharko luketela pentsatzen du herritarren gehiengo zabal batek. Hala, herritarrek ia aho batez (%94ek) erantzun dute alderdi politiko guztiek bake prozesua ahalbidetzeko lan egin beharko luketela hemendik aurrera.
Halaber, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpontzearen alde daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak. %90ek iritzi diote gatazkari irtenbide elkarrizketatua ematea ezinbestekoa dela.
Eta geroari begira ere itxaropentsu agertu dira herritarrak.Galdekatutako herritarren hiru laurdenek (%74k) hurrengo urteetan bakea helduko den itxaropena dute.Hala ere, datozen hilabeteetan erakunde armatuak beste su-eten bat aldarrikatzeko aukerei dagokienez, denetariko iritziak eman dituzte inkestatuek. %37k pentsatzen dute su-eten berria etor litekeela epe motzean; %40k, ordea, ez dute halakorik espero datozen hilabeteetan.
Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren gehiengoaren irudiko (%88), indarkeria erabiltzea ez da beharrezkoa arazo politikoak konpontzeko. Gainera, «ETAren indarkeria Euskal Herriarentzat arazo larria» dela pentsatzen dute %87k:inkestatuen %55ek uste dute «arazo oso larria» dela, eta %32k, berriz, «nahiko larria» deritzote.
Herritarren %68k uste dute Zapaterok ETArekin hitz egin beharko lukeela berriro
EAEko biztanleriaren gehiengoaren arabera, alderdiek hitz egin behar dute bakea lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu