Eusko legebiltzarra

"Herritarren gehiengoak martxoko bozetan EAJ babestu zuelako" aurkeztuko da Ibarretxe lehendakaritzara

Ibarretxek EAJko 30 legebiltzarkideren babesa jasoko du eta Lopezek PSE-EEko 25 legebiltzarkiderena. Hala ere, Lopez izendatuko dute lehendakari maiatzaren 5ean, PPk (13) eta UPDk (1) Lopez babestuko dutela jakinarazi dutelako.

2009ko apirilaren 30a
15:25
Entzun
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagaitzak aurkeztu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean. Juan Jose Ibarretxe egungo jarduneko lehendakaria eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari orokorra babestu dituzte, hurrenez hurren. Joseba Egibar GBBko presidenteak erregistratu du EAJren 30 legebiltzarkideren izenean Ibarretxe babesteko hautagaitza. Egibarrek jakinarazi duenez, "herritarren gehiengoak martxoko bozetan EAJ babestu zuelako" aurkeztuko da Ibarretxe lehendakaritzara.

Horrez gain, Egibarrek jakinarazi duenez, EAJ eta Aralarrekin negoziazioetan ari da alderdi horiek Ibarretxeren hautagaitza babes dezaten.

Juan Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Lopez babesteko PSE-EEko 25 legebiltzarkideren sinadurak erregistratu ditu. Pastorren aburuz, Lopez lehendakari izendatzen duten unetik aurrera "etapa berri bat" hasiko da. Horrez gain, atzo Ibarretxek bere legealdiaren inguruan egindako adierazpenak "porrot politikoaren isla" izan zirela nabarmendu du Pastorrek.

Lehendakariaren inbestidura saioa maiatzaren 5ean -datorren asteartean- egingo da. Ibarretxek EAJko 30 legebiltzarkideren babesa jasoko du eta Lopezek PSE-EEko 25 legebiltzarkiderena. Hala ere, Lopez izendatuko dute lehendakari, PPk eta UPDk Lopez babestuko dutelako. Hamahiru legebiltzarkide eta legebiltzarkide bat dituzte, hurrenez hurren. Beraz, Eusko Legebiltzarreko 75 aulkitatik 39 lortuko ditu Lopezek eta 30 Ibarretxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.