Herritarren herenek uste dute Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutela

'Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran' ikerlana aurkeztu du Eusko Ikaskuntzak

GORKA EROSTARBE DONOSTIA
2007ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren bi ideia daude gehienbat zabalduta: bata, Euskal Herria zazpi lurraldek -Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziek (EAE), Nafarroak eta Ipar Euskal Herriko hirurek- osatuta ikusten duena (biztanleen %30ek dute ideia hori), eta bestea, Euskal Herria EAErekin identifikatzen duena (beste %30ek dute). Ondorio hori azaleratu du, besteren artean, Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran Eusko Ikaskuntzak argitaratu berri duen ikerketa lanak.

«Aipagarria da ia inork ez duela uste Euskal Herriaren kontzeptua asmakeria denik», nabarmendu zuen Igor Ahedo Eusko Ikaskuntzako bazkideak eta ikerketa lanaren egileetako batek, atzo Donostian egindako aurkezpenean. %7ren ustez, EAEk eta Nafarroak definitzen dute hobekien Euskal Herria, eta, %2ren ustez, Ipar Euskal Herriak. Bestelako erantzunak eman dituztenak %23 dira.

Euskal Herriko biztanleek euskal nortasunari eta kulturari buruz dituzten pertzepzio, iritzi eta jarrerak aztertu dituzte lan horretan. Eusko Ikaskuntza eta Euskal Kulturaren Erakundea izan dira ikerketaren bultzatzaileak. 2004 eta 2005 artean egin zuten ikerketa lana. 3.800 inkesta egin zituzten: 1.204 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.008 Nafarroan eta 1.610 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ikerketari arlo kualitatiboa eranste aldera, 22 eztabaida talde eta 7 elkarrizketaere egin zituzten.

Euskal Herriaren kontzeptu zabalena (7 lurraldeak hartzen dituena) 45 urtetik beherakoek, euskaraz ongi dakitenek, bai beraiek bai gurasoak Euskal Herrian sortutakoek, eta beren burua gehienbat euskal herritartzat edo euskal herritar eta nafartzat dutenek adierazi dute batez ere.

Identitateari dagokion inkestaren emaitzetatik ondoriozta litekeenez, euskal herritar sentimendu markatuena dutenek gehiago jotzen dute euskal herritar izateko baldintzatzat horretarako nahia izatea edota Euskal Herrian bizi eta lan egitea; aitzitik, espainiar edo frantsesago sentitzen direnek, aldiz, gainerakoek baino gehiago sorlekuari eta arbasoei dagozkien baldintzak aipatzen dituzte. Erramun Baxok Euskal Kultur Erakundeko zuzendari ohi eta ikerketa lanaren arduradun taldeko kideak azaldu zuenez, «sentimendua eta bizitza praktikoa» bereizi egin behar dira Ipar Euskal Herriko kasuan: «Sentimenduz zazpiak bat irudipenak arrakasta handia du. Iparraldean euskal nortasunaren baldintza nagusiak dira, sorlekua, euskara eta arbasoak, hots ezaugarri tradizionalak, aldiz hegoaldean, euskal nortasuna izateko sorlekuak badu bere garrantzia, baina, hein berean edo gehiago euskal herritar izateko nahiak, eta Euskal Herrian bizitzeko edo lan egiteko aukerak».



EUSKARA ARDATZ. Euskal nortasunaren edo euskaltasunaren elementuen artetik, «euskara da ezinbesteko osagai edo erreferentea», Iñaki Martinez de Luna Eusko Ikaskuntzako bazkide eta proiektuaren arduradun teknikoak adierazi zuenez: «Euskararekiko jarrera ezberdinak daude, baina denok dugu presente. Izan ere, goraipatu, gaitzetsi -gutxi batzuen kasuan- nahiz indiferentzia adierazi arren, hizkuntza hori diskurtso mota guztietan agertu da. Hortaz, euskararen inguruko hausnarketa bultzatzea eta adostasuna bilatzea ezinbestekoak dira ikuspuntu ezberdinak dituztenen arteko elkarbizitza ahalbidetzeko».

Hizkuntzaren inguruko inkestaren emaitzek azaltzen dutenez, Euskal Herriko biztanleen %29k ongi hitz egiten dute euskaraz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %34 dira euskaldunak; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan %27 eta Nafarroan %13. Hego Euskal Herrian gazteenen artean dago euskaldunen portzentajerik handiena, eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, 65 urtetik gorakoen artean. Halere, euskaldungazteenak dira euskarazko gaitasun alderaturik gutxien dutenak, hau da, euskaldun gazteen artean, erdiek gaztelaniaz edo frantsesez errazago hitz egiten dute, eta euskaldun zaharrenen artean, berriz, arruntagoa da euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez baino errazago egitea.

Euskara da, hain zuzen ere, euskal kulturarekin gehien lotzen den elementua, inkestaren emaitzek adierazten dutenez. Atzetik letozke dantza, pilota eta herri kirolak. Kultura kontzeptua gai eta jende talde batekin lotzen du jende gehienak, gutxiago dira lurralde zehatz batean egindakoa dela uste dutenak eta are gutxiagok uste dute euskaraz egindakoa dela euskal kultura. Euskal Herriari buruzkoa edo Euskal Herriko jendeak egindako dela uste dute gehienek eta gutxixeagok uste dute Euskal Herrian egiten dena edo euskaraz egindakoa dela.



IDENTITATEA, BIDEGURUTZEAN. Martinez de Lunak adierazi zuenez, euskal nortasun eta kultura «krisian edota gurutzebidean» dira etorkizunera begira: «Euskal gizarteak eta kulturak berezkoa duena galdu gabe irekitze prozesua burutuko badu, prozesu hori batez ere euskaltasunetik gidatu behar da, nahiz eta bestelako adierazpen kultural eta identitarioek ere euren lekua izan behar dutela gogo onez onartu. Globalizazioaren garai honetan nazioarteko eraginak halabeharrezkoak dira eta horiek gure egiteko modu propioa garatzea da gakoa, horien aurrean era itxian jokatuz gero gureak egingo zuen eta. Nahasketa kulturala gero eta zabalduagoa egongo da gurean, gure kulturak eta nortasunak aberastuz». Euskal Herriko gatazka politikoa «eragozpen» izan da «aurrera egin ahal izateko», Martinez de Lunaren iritziz.

Ikerketa egin dutenek uste dute kultura «pizgarri edo akuilu» izan daitekeela euskal nortasunarentzat eta gizartearentzat berarentzat: «Ikerketak ondorioztatu duenez, kulturak oinarri eta bide berriak proposatzen ditu, eta haiei esker euskal gizarteak bere garapena mugatu duten dinamikak gaindi ditzake», esan zuen Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzako lehendakariak.



«Iparraldean euskal nortasunaren baldintzak sorlekua, euskara eta arbasoak dira; tradizionalak»

ERRAMUN BAXOK
Proiektuaren arduradun taldeko kidea




«Nazioarteko eraginak halabeharrezkoak dira eta horiek gure egiteko modu propioak garatzea da gakoa»

iñaki martinez de luna
Proiektuaren arduradun teknikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.