Baztango hamaika bizilagun eta ordezkari politikok babesa agertu diete Otondo eta Elizegiri Nafarroako Auzitegiaren atarian eginiko elkarretaratzean. "Jazarpen judizialik ez! Aroztegia gelditu!" leloa zeraman pankarta atera dute, eta han izan dira deklarazioak iraun duen bitartean.
Auzitegira sartu aurretik, Otondok ukatu egin ditu prebarikazio salaketak, eta une oro "legediaren arabera" jokatu dutela berretsi du. Halaber, Palacio de Aroztegia enpresaren estrategia bati egotzi dio kereila. "Enpresak ahul ikusten du bere burua, eztabaida galtzen ari da eta argumenturik ez du. Horregatik, helburu garbia du: Aroztegia proiektuaren inguruko eztabaida desbideratzea".
"Auzia oso sinplea da, demokrazia ala inposizioa. Baztandarrak gai garen proiektu honi buruz eta Baztanen etorkizunari buruz erabakitzeko, ala erabaki guztiak inposatuko dizkiguten, PSIS udalaz gaindiko planarekin egin duten bezala", gaineratu du. Testuinguru horretan, orain arte erakutsi duten jarreraz "harro" azaldu dira Otondo eta Elizegi. "Egindakoa berresten dugu, herritarren hitza entzun besterik ez baitugu egin, eta horregatik zigortu nahi gaituzte. Ebrotik hegoaldera, politikariak ustelkeria kasuengatik epaituak izaten ari diren unean, gu epaituko gaituzte herritarren hitza errespetatzeagatik eta herritarren zerbitzura egoteagatik. Eta hau da gure ordaina".