"Herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz zerbitzuaren kalitatea hobetzea". Horixe du helburu nagusi Osakidetzaren Bigarren Euskara Planak, "progresibitatea" oinarri hartuta. Osakidetzaren Gasteizko egoitzan aurkeztu dute gaur plana Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak.
Nabarmendu dituzten ardatz nagusien artean, herritarren eskariari "aurrea hartu beharra" aipatu dute, euskarazko arreta eskatzeko ardura "haien esku utzi barik". "Neurriak hartu behar dira erabiltzaileei egin beharreko harreran eta eman beharreko asistentzia-zerbitzuetan beraiek lehenetsitako hizkuntza erabiltzea bermatzeko, lehen mailako arretatik hasi eta arreta espezializaturaino", dio planak. Bestetik, osasun arretaren eremuko agirietan "arreta berezia" jarri behar dela uste dute plana landu dutenek, "baita historia klinikoa osatzen duten agiri klinikoetan ere". Barne harremanei dagokienez, "aurrerapausoak" eman beharra azaldu dute. Osakidetzako eta zerbitzu erakundeeetako zuzendaritza taldeen "konpromisoa, bultzada eta lidergoa" behar du plan berriak, Jaurlaritzako ordezkarien arabera.