Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

«Herritarren nahia beteko duten argitu behar dute PPk eta PSOEk»

Jokaleku berria kudeatzeko orduan zer jarrera izango duten argitzeko eskatu die Amaiurrek bi alderdiei

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Euskal jendartearen borondate aske eta demokratikoan» oinarritzen du Amaiurrek bere proposamena, Iñaki Antiguedad hautagaiaren arabera. Koalizio abertzaleak ez dauka garbi PPren eta PSOEren jarrera ere «eskubide eta errespetuetan» oinarrituko den, eta, horregatik, herritarren borondatea errespetatuko duen edo ez jendaurrean adierazteko eskatu die. Batik bat PPri egin dio eskaera, iragarpenen arabera hari egokituko zaiolako «jokaleku berria kudeatzea». Errespetua besterik ez dutela eskatzen azpimarratu du Antiguedadek, baina salatu du ez Mariano Raxoi eta ez Alfredo Perez Rubalcabak oraindik ez dutela horri buruzko hitzerdirik ere egin.

Eguneko ekitaldi nagusia Igorren egin zuen koalizio abertzaleak atzo, eta, han, herritarrak nahastu nahian aritzea egotzi zion Antiguedadek PPri. Alderdi horrek esan du Amaiurrek «proiektu totalitarioa» ordezkatzen duela. «Euren proiektua eskubideen ukazio eta urraketan oinarritzen duten horiek, euren proiektuaren berme gisa armada kokatzen duten horiek diote geure proiektua dela totalitarioa».

Herritarren eskubideak onartzeko eta erabakiak errespetatzeko konpromisoa dutela berretsi dute; horregatik, beren erreferentzia Euskal Herrian dela nabarmendu dute, «eta ez Madrilen». Hain justu, horretaraxe doaz Madrilera: «Euskal herritarren borondate demokratikoa errespetatzeko exijitzera». Behin betiko bakean eta konponbide demokratikoan sakontzeko «aukera bikaina» da haientzat oraingo bozak.

Amaiur «eraikitzen ari den zubian» partaide izateko deia egin zien Antiguedadek Igorren bildutakoei, egiteko lan handia dagoela uste baitute. Bide horretan, larunbatean Anoetako belodromoan egingo den ekitaldira joateko deia egin zuen: «Belodromoa leporaino bete, eta gure herriaren bihotz bihurtu behar dugu!».

«Azpiegitura faraonikoak»

Goizean ere egin zuen hauteskunde ekitaldi bat Amaiurrek, Pasaian. Kanpo portua eta antzeko egitasmoak «estrategikotzat» jotzea salatu zuen Maite Aristegi Gipuzkoako zerrendaburuak: «Alderdi politiko batzuekin hain harreman estuak dituzten eraikuntza enpresa handientzat dira estrategikoak, haientzat bakarrik», esan zuen.

Amaiurren ustez, «faraonikoak» dira Pasaiako superportua eta gisako egitasmoak, «norabiderik gabeko garapenaren adibide; ekonomia aldetik, ingurumenari dagokionez eta sozialki gure oraina zein geroa erabat baldintzatzen duen garapen itsuaren adibidea». «Makro proiektu» horietarako milioika euro publiko erabiltzea «eskandalagarria» dela salatu zuen,hezkuntzan, osasunean edo gizarte laguntzetan murrizketak egiten baitira.

Ez da hori Amaiurren eredua. Aristegikesan zuen badiaren «biziberritze sozio-ekonomikoaren alde» egingo dutela, «inguruko herritar gehienek behin eta berriz adierazi eta erabaki dutena errespetatuz».

Garapen iraunkorraren araberako ingurumen eta ekologiarekin «zalantzarik gabeko konpromisoa» dutela azaldu zuen Aristegik, «betiere, herritarren interesak lehenetsiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.