Parte hartzea

Herritarren partaidetza esperientziak partekatu dituzte Donostian

Gipuzkoako Partaidetza I. kongresua egin dute Tabakaleran. Bertan izan dira Tolosa, Oñati, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostiako hautetsiak.

Kongresuko saioetako bat, gaur goizean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2017ko azaroaren 23a
14:54
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresuaren lehen jardunaldia egin dute  Tabakaleran. Kongresu horren helburua da "arlo horretan tokiko erakundeek eta nazioartekoek bultzatu eta arrakasta duten esperientziak partekatzea eta jakitera ematea", diputazioaren esanetan.

Lan saioaren ardatzetako bat izan da Gipuzkoako sei udaletan —Tolosa, Oñati, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostia— partaidetzari lotuta garatu diren praktika egokiak komunean jartzea. Irekiera hitzaldian, proiektu horien balioa goraipatu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, argudiatuz “Gipuzkoa eredugarria” eraikitzeko bidean, berrikuntza sustatzen dutela erabakiak hartzerakoan azpimarra “pertsonengan eta herritarrengan” jarriz: "Badakigu ez dagoela herritarren partaidetza sustatzeko modu bakarra. Are gehiago, badakigu ez dagoela errezeta magikorik. Baina denok bat gatoz beharrezkoa dela administrazioaren eta herritarren arteko harremana aldatzea, kudeaketa irekiagoa eta partekatuagoa finkatuz".

Bestalde, mahai-ingurua egin dute Herritarren Partaidetzako erakunde arteko Espazioak izenburupean. Bertan parte hartu dute Xabier Barandiaran Diputatu Nagusiaren Kabineteko buruak, Ernesto Ganuza Ikasketa Sozial Aurreratuen Institutuko zientzialari titularrak, Jone Martinez EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak, Pedro Ibarra EHUko Zientzia Politikoetako katedradunak eta Ruth Sarabia Malagako (Espainia) Udaleko Herritarren Partaindetzako zuzendariak.

Ibarraren esanetan, "deskonexio bat" dago gizartearen eta erabaki politikoen aurrean, eta erakundeetako ordezkariek ekimena hartu behar dute horri aurre egiteko. “Konfiantzarik ezak oraindik erresistentziak sortzen ditu ekimen hauen aurrean. Baina esperientzia batzuetan, jendea benetako protagonista sentitu denean, parte hartzeko desio handiagoa piztu da". Sarabiak erantsitakoaren arabera, tokiko esparruan "oso permeabilitate handia" dago, gizartearekin zuzeneko kontaktuaren bitartez: "Baina oraindik ere aurrerapauso gehiago eman behar ditugu, jendearen hizkuntza eta formetara egokituz”. Ganuzaren irudiko, "berdinen arteko espazio bat" ahalbidetzen du partaidetzak, eta “horrekin errazagoa da lankidetza. Aukera ematen du konfrontazioa komunikazioaren bidez bideratzeko”.

Martinezek, berriz, demokrazia parte-hartzailearen eta deliberazio prozesuen “gehiegizko burokratizazioak” dakarren arriskuaz ohartarazi du. “Partaidetza hori bideratzen duten araudiek joera hori hautsi bejar dute, baina askotan kosta egiten zaigu”. Barandiaranen aburuz, berriz, “espazio demokratikoa eraberritzeko erabiltzen dugun eredua” da faktore garrantzitsuenetako bat. “Foru Aldundiaren hautua izan da Gipuzkoan oso errotuta dagoen tradizio komunitariotik abiatzea, geroz eta indibidualistagoa den gizarteak ezarritako testuinguruan. Testuinguru horretan, deliberazio prozesuak artikulatzea ez da erraza”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.