Espainiako Kongresuko oposizioko taldeek aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Martxoan onartu zuen araua PPk, Espainiako Kongresuan, eta maiatz amaieran aurkeztu zuten helegitea PSOE, Izquierda Plural, UPD, Compromis-Equo eta Coalicion Canariak.
PPk urte hasieran onartutako lege horrek Espainiako Konstituzioa urratzen duela salatu zuten, eta, bereziki, herritarren oinarrizko zenbait eskubide "babesik gabe" uzten dituela. Uztailaren 1ean zen indarrean sartzekoa mozal legea.
Amaiur, EAJ eta Geroa Bai alderdiek ez zuten ekinbidearekin bat egin, nahiz eta legearen kontra egon. Amaiurrek eta EAJk azaldu zutenez, PSOEren jarrera ez zitzaien "sinesgarria" iruditzen, eta ekinbideari "hauteskunde kutsua" dariola adierazi zuten alderdi bietako ordezkariek.
Konstituzioaren kontrakotzat jo dituztenen artekoa da Immigrazio Legea aldatzen duen lege xedapena, "etorkinen eskubideak urratzen dituelako", eta, tartean, adingabeak «babesgabe» uzten dituelako.