ETXEBIZITZA

«Herritarrok etsipen handiz hartu ohi dugu pagatu beharra»

- . GASTEIZ
2004ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bazterrak zeharkatu ditu aste honetan Koldo Nabaskuesek, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA) gizartea kontsumoaren jakitun egin nahian eratutako kanpaina mugikorra zela kausa. «Herritarrak izatetik kontsumitzaileak izatera» igaro izanaren ondorioek etxebizitzaren arloan ere eragiten dutela uste du: erosketan ez ezik, ondorengo zerga-jardunean ere bai.

Zergatik dago hainbesteko aldea etxebizitzaren zergen artean Euskal Herriko hiriburuen artean?

Etxebizitzaren inguruan espekulazioa da nagusi, eta, beharbada, udalak beraiek izaten dira espekulatzailerik garrantzitsuenak. Nik ez dut esaten zergarik ordaindu behar ez denik etxebizitzaren kontura, baina, esate batera, ez dut ikusten zergatik izan behar duen hainbesteko aldea hiriburu batetik bestera eta hiriburu bakoitzeko zonalde batetik bestera. Azken batean, herri txikia gara Euskal Herrian, lurraldeak antzeko samarrak dira, eta, beraz, zergak harmonikoa izan beharko luke. Zergak solidario eta bateratua izan beharko luke.

Zerga bera ordaintzearen aldeko zara?

Nire ustez, plusbalia pagatu beharko litzateke etxebizitzen salerosketan, baina ez zergaren bitartez. Dena den, kontua da Administrazioak egituratzen direla, batez ere, diru sarrerak sortzeko daukaten gaitasunetik abiatuta, hots, herritarrok etxe, ur, zabor eta abarrengatik ordaindu behar izaten dugunaren arabera.

Beste eztabaida bat izango litzateke argitzea zertan bideratzen den herritarrek zergen bidez pagatzen duguna.

Herritarrok pagatzen dugu pagatu beharrekoa, eta kito. Baina nora ote doa gero diru hori? Gure auzoetara inbertitzen al da akaso? Zer neurritan? Arazoa da prozesu horretan guztian oso gutxi parte hartzen dugula eta horrek defizit demokratiko izugarria dakar. Ez dugu parte hartzen ez zergaren diseinuan, ezta zergak ematen dituen sosak nora bideratu erabakitzerakoan.

Udal gobernuetako arduradunek arrazoitzen dute zergen dirua herritarrengana itzultzen dela zerbitzuen bidez.

Aitzakiak; eta aitzakiak ez dira arrazoiak. Udal agintariek argi eta garbi esan beharko liekete herritarrei zenbat diru biltzen duten eta zertan bideratzen ari diren. Bestela, zertarako behar ote dugu udal planeamendu hau eta bestea? Bilbao Ria 2000 ekimena, adibidez, zertarako nahi dugu? 600.000 euroko etxebizitzak eraiki ditzaten? Nor baliatuko da ekimen horretako diru publikoaz?

Gertatzen dena da herritarrek, normalean, ez dutela erreakzionatzen arazo honen inguruan. Gasteizen berriki izandako mobilizazioak salbuespena izango lirateke.

Herritarrok ez dakigu nola jokatu. Jendeak etsipen handiz hartu ohi du pagatu beharra. Herritarrak izatetik kontsumitzaileak izatera igaro gara. Horixe da gakoa, hortik sortzen baitira gaur egun dauzkagun arazoetako asko, eta etxebizitzarena horietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.