Gure Esku Dago-k uste du "euskal herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko konpromisoa oso sendoa" dela —joan den ekainean, adibidez, 175.000 lagun batu ziren Donostia-Bilbo-Gasteiz giza katean—, eta adierazi du konpromiso hori "arrazoiz beteta" dagoela: Herritarron Itunean. Gaur Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan utzi du dokumentua. "Uste dugu ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa dela. Horregatik, ekarri dugu parlamentuetara, eta eskatu dugu ale bana ematea talde parlamentario guztiei".
2.019 arrazoi daude Herritarron Itunean. "Hausnarketa eta ariketa erabat herritarra izan zen, eta mila lagunek baino gehiagok parte hartu zuten herriz herri antolatu genituen dinamiketan. Guztira, 2.019 arrazoi bildu dira dokumentu batean, gaika sailkatuta", dio Gure Esku Dago-k.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideak adosteko unea dela adierazi du herritar dinamikak. "Erakundeek eta herritarrok esku artean dugun erronka da hurrengo belaunaldiarentzat erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizuna eraikitzea, askeago eta burujabeago izateko Euskal Herri osoan".
Hala, balio handia ematen dio Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Batzordean oinarrien inguruan EAJk eta EH Bilduk lortutako akordioari, "erabakitzeko eskubidea jasotzen duelako eta erakundeen eta giza katean mobilizatu ziren herritarren arteko sintonia erakusten duelako".
Gure Esku Dago-ren ustez, Nafarroan ere erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizun politikoa eraikitzen hasteko garaia da. "Datorren legegintzaldiari begira, estatus politikoari buruzko eztabaida instituzional eta sozialari bide ematea eginkizun nagusietako bat izango da".
Datorren azaroaren 18an beste galdeketa sorta bat izango da: Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin egingo dira herri kontsultak.