Lau ikur, preso egonak

Hesi artean, gidari

Munduari begira, Euskal Herriko bake prozesuaren ikur bihurtu da Arnaldo Otegi, preso izan arren. Bestelako prozesu batzuetan ere izan dira kartzelatik pasatutako lider ezagunak.

1990an irten zen kartzelatik Nelson Mandela, urte luzez preso egon ondoren. Handik lau urtera irabazi zituen hauteskundeak.
Hodei Iruretagoiena
2016ko martxoaren 1a
07:27
Entzun

MARWAN BARGHOUTI. lntifadetako ikurra, bizi osora zigortua

Marwan Barghouti (1959-06-06, Kobar, Palestina). Al-Fatah alderdiko idazkari nagusi izandakoa, Palestinako Intifadetako lider gisa azaldu izan da Zisjordanian. Hainbat aldiz atxilotu dute israeldarrek; 18 urte zituela, lehenengoz. 1987an, lehenengo Intifadan, Jordaniara deportatu zuten, eta zazpi urte egin zituen han. Osloko Akordioen ondorioz utzi zioten itzultzen, 1994an. Bigarren Intifadan, Al-Aqsa Martirien Brigadak sortzea egotzi zion Israelek. Misilekin eraso zioten, eta bizkartzaina hil. Bizirik atera zen, baina Ramallahen atxilotu zuten 2002ko apirilean, eta bizi osorako bost zigor ezarri zizkioten.

1996an, PLC Palestinako Kontseilu Legegilerako hautatu zuten, eta estatu independentea aldarrikatu izan du. Yasser Arafaten administrazioaren ustelkeria salatu du, eta harremanak eduki ditu Israelgo hainbat politikarirekin.

NELSON MANDELA. Borrokalaria, presoa eta presidentea

Nelson Rolihlahla Mandela (1918-07-18, Mvezo, Hegoafrika; 2013-12-05, Johanesburgo). Hegoafrikako apartheid-aren aurkako borrokalaria, gaztetatik ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko kide izan zen. MK Umkhonto we Sizwe talde armatuaren sorreran parte hartu zuen, eta 1962ko abuztuan atxilotu zuten. 27 urtez izan zuten preso.

1985etik aurrera, harremanetan izan zen National Party apartheid-aren gobernuko alderdiarekin izan zen harremanetan. Mobilizazio eta presio handiak egin zituzten Hegoafrikan nahiz nazioartean Mandela askatzeko, eta 1990eko otsailean ANC eta beste zenbait erakunde legeztatu ondoren askatu zuten. ANCko buru gisa, negoziazio saio ugari egin zituen, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 1993an. Hurrengo urtean bihurtu zen herrialdeko presidente, apartheid-aren ondorengo lehen bozetan babes handia lortuta.

GERRY ADAMS. Bakerako elkarrizketen giltzarri

Gerry Adams (1948-10-06, Belfast, Ipar Irlanda). Ipar Irlandako Sinn Fein alderdi errepublikanoko presidentea, hango bake prozesuan hainbat alditan negoziatu izan du Britainia Handiko Gobernuarekin. Gaztetatik aritu zen ekintzaile gisa. Atxilotu eta kartzelatu egin zuten 1972an, baina bake elkarrizketetan parte hartzeko askatu zuten ondoren. Saio haien ostean, berriz bidali zuten espetxera hurrengo urtean, eta preso eduki zuten 1977ra arte. Hurrengo urtean ere atxilotu zuten berriz. Garai hartan IRAko militante garrantzitsua zela diote hainbat dokumentu ofizialek, baina berak beti ukatu izan du hori.

1982an Britainia Handiko parlamentuan sartu zen, kargua bete ez arren. Baina 1998ko Ostiral Santuko akordioetan parte hartu izana da bere ibilbideko unerik garrantzitsuena. Euskal Herriko prozesuarekin harreman estua izan du, baita Arnaldo Otegirekin ere.

ABDULLAH OCALAN. Kartzelatik ere negoziatzaile

Abdullah Ocalan (1948-04-04, Halfeti, Kurdistan). 1998an kanporatu egin zuen Siriak, hainbat herrialderen arteko tirabira eraginez. 1999ko otsailean bahitu zuten Turkiako zerbitzu sekretuek Nairobiko aireportuan, eta heriotza zigorra ezarri zioten talde armatua eratzea egotzita; azkenean, bizi guztiko zigorragatik aldatu zioten. Imrali irlan eduki dute preso geroztik; lehen hamar urteetan, bakartuta.

PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetakoa da, eta kurduen ideologo nagusia. Konfederalismo demokratikoa proposatu du, eta, kartzelatik, hainbat aldiz aritu da negoziazioetan. Borroka armatuaren garaia bukatzen ari dela esan zuen 2013ko Newroz egunean. Haren liburu bateko hitzaurrean, Arnaldo Otegik kontatu zuen kurduak beraiekin jarri zirela harremanetan, PSOEren gobernuarekin izandako negoziazioak ezagutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.