EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Hesiak bidean

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2005eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
lderdiek eta hautesle elkargoek bihar dute hautagaitzak aurkezteko azken eguna, EAEko Aldizkari Ofizialak etzi argitaratuko ditu aurkeztutako zerrenda guztiak, baina oraindik goiz izango da apirilaren 17ko hauteskundeetan zer zerrenda lehiatuko diren jakiteko.

Batasunak zerrendak aurkezteko asmoa agertu du, baina horretarako pausoak ematen hasi ahala moztu dio bidea Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak. Batasuneko lege ordezkarien izendatzea atzera bota zion Jone Goirizelaia eta Rakel Peña izendatu zituen, alderdi politikoen erroldan ez dagoela argudiatuta. Hala ere, hautagaien zerrendak aurkeztu egingo dituela iragarri du Batasunak, baina Hauteskunde Batzordeak ez du aintzat hartu ere egingo, lege ordezkariak onartu ez zizkion argudio berberarekin. Aukera Guztiak plataformaren zerrendak gaur dira aurkeztekoak onartu egingo ditu Hauteskunde Batzordeak, hautesle elkargo bati eskatzen zaizkion baldintzak betetzen baditu behintzat, lurralde bakoitzeko hautesleen %1en sinadurak aurkeztea, besteak beste. Alderdien Legeaindarrean denetik, irregulartasun arruntei baino ez diete erreparatu hauteskunde batzordeek: herrialdeetako batzordeek onartu egin zituzten AuBren zerrendak eta bestelako herri plataformak 2003ko hauteskundeetan, eta Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralaren tramitea ere gainditu zuen Herritarren Zerrendak iaz. Salbuespenik ere izan da Nafarroako Hauteskunde Batzordeak Etxarri-Aranazko eta Bakaikuko zerrenda bana baliogabetu zituen 2003an, Hauteskunde Batzordeak legez erabaki baitezake hautagaitzaren batek Hauteskunde Legea urratzen duela. Baina zail du hautagaitzaren bat legez kanporatutako alderdiren baten oinordekoa den edo ez erabakitzea, horretarako informaziorik Poliziaren edo Fiskalaren txostenik ez baitu eskura.

Espainiako Gobernuak «zorrotz» aztertuko ditu

Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak aldarrikatu ondoren hasiko da Aukera Guztien hautagaitzek zer bide egin ahal izango duten argitzen. Espainiako Gobernuak zer jarrera duen argituko da aurrena, Gobernuak berak (Estatuaren abokatuaren bidez) eta Estatuko Fiskaltzak eskumena baitute hautagaitzak inpugnatzeko. Oso doinu ezberdinarekin mintzatu dira Aukera Guztiak ekimenari buruz PSE-EEko hainbat kide eta PSOEko beste hainbat.

Aurkeztutako hautagaitza guztiek ere badute zerrendak inpugnatzeko eskubidea eta, beraz, Gobernuak eta Fiskaltzak inpugnaziorik aurkezten ez badute ere, PPk aukera izango luke auzia Auzitegi Gorenera eramateko. Eta PPk, Aukera Guztiak ekimenak zein hautagai aurkeztuko dituen jakinarazi aurretik ere, Batasunaren oinordekoa dela eta baliogabetu egin behar dela adierazi du. Abc egunkariak ildo berari jarraitu dio, Aukera Guztien atzean Batasuneko buruzagiak daudela argitaratuz.Inork hautagaitzak inpugnatzen baditu, hiru egunetan erabaki beharko du Auzitegi Goreneko Sala Bereziak, Batasuna legez kanporatu zuen berberak. Hilaren 26a izango du azken epea, Aberri Egunaren bezpera hain zuzen. «Legez kanpokotzat jotzeko alderdi politiko baten jarduera jarraitu nahi duen» hautesle taldea den aztertu beharko du.2003an AuBren zerrendak eta herri plataformak baliogabetu zituenean, zerrendetako kide batzuk lehendik Batasuneko, EHko eta HBko zerrendetan agertu zirela argudiatu zuen, besteak beste, Sala Bereziak. 2004an HZ baliogabetu zuenean bestelako argudioak eman zituen Gorenak eta ondoren Auzitegi Konstituzionalak hautagaitza Batasunaren oinordeko zela ebazteko: aurkezpen publikoetan jasotako babesak, «diseinatutako estrategiak» eta finantzabideak aipatu zituen, besteak beste, froga gisa.Gorenak zerrendak baliogabetzea erabakiko balu, Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko aukera lukete. Kanpaina hasi aurretik hartu beharko luke azken erabakia goi auzitegiak, martxoaren 31n beranduenez.Behin kanpaina hasiz gero, apirilaren lehenetik aurrera, hautagaitzarik ezingo lukete baliogabetu.

-

Egutegia





Hautagaitzen aurkezpena: Bihar, astelehena, bukatuko da Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordean hautagaitzak aurkezteko epea.

Hautagaitzen onartzea: Martxoaren 21ean aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzordeak onartutako hautagaitza guztiak, eta hilaren 22an argitaratuko EAEko Aldizkari Ofizialean. Aurretik, inon irregulartasunik atzemanez gero,zuzenketak egiteko hiru eguneko epea emango die hautagaitzei (martxoaren 18tik 20ra). Helegiteak: Espainiako Gobernuak (Estatuaren Abokatuaren bidez), Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta hautagaitza guztiek aukera daukate Auzitegi Goreneko Sala Berezian helegitea aurkezteko, hilaren 23tik 24ra bitartean, hautagaitzaren batek Alderdien Legea urratu duela uste badute.

Auzitegi Gorenaren erabakia: Auzitegi Goreneko Sala Bereziari dagokio hautagaitzaren legezkotasunaz erabakitzea. Martxoaren 26a baino lehenago erabaki behar du, eta tarte horretan aurkeztu behar ditu alegazioak auzitan dagoen hautagaitzak.

Auzitegi Konstituzionala: Auzitegi Gorenak hautagaitza ezeztatzen badu, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko aukera du hautagaitzak. Hilaren 28a baino lehenago aurkeztu behar du helegitea, eta hilaren 31 baino lehen erabaki behar du Auzitegi Konstituzionaleko 1. Salak.

Kanpaina: Apirilaren 1ean hasiko da hauteskunde kanpaina. Behin kanpaina hasita, ezin da hautagaitzarik baliogabetu.



-

Legea





Alderdien Legea onartuz geroztik, Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 44.4 artikuluak zera dio: «Ezingo dituzte hautagai zerrendak aurkeztu auzibidez legez kanpokotzat eta desegintzat, edo etentzat jo den alderdi politiko baten jarduera jarraitu eta segitu nahi duten hautesle taldeek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.